Sari emate ekitaldia, udaletxean. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak Urrezko Domina eman dio Eusko Ikaskuntzari, ehun urte bete dituen urtean. Ostegun arratsaldean egin zuten sari emate ekitaldia, udaletxean, eta Eneko Goia alkateak Iñaki Dorronsorori eman zion domina. Euskal kultura garatzeko egindako lana aitortu nahi izan diete sariarekin, eta hiriarekiko duen lotura kontuan hartu dute.
Alkatek azpimarratu du Eusko Ikaskuntzak 100 urte horietan egindako lana: “Lan izugarria egin du mende osoan zehar kultura unibertsala Euskal Herrira hurbiltzeko. Ekarpen berebizikoa egin dio euskal kulturari, eta gaurko Euskal Herria ulertzeko oinarri sendoak ezarri izan ditu urte hauetan guztietan”. Goiak gaineratu du Eusko Ikaskuntzak bidelagun izan dituela Donostiako hiria eta Donostiako herritar asko; gainera, esan du Donostiako Udala hasieratik izan dela bazkide, eta jarduera asko hartu eta babestu dituela hirian bertan.
Ekainean erabaki zuen udalak saria nori eman. Izan ere, Donostian sortu zen Eusko Ikaskuntza 1918ko abenduaren 22an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako aldundiek proposatuta. Helburua izan da euskal kultura hedatzea, ikertzea eta Euskal Herriko hainbat arazorentzako irtenbideako topatzea. Gainera, Nafarroako ordezkariek proposatuta, egoitza Donostian jartzea erabaki zuten. Gerra Zibilak eta diktadura frankistak eten zuten Eusko Ikaskuntzaren ibilbidea, eta debekua ezarri zioten bere jarduerari. Behin diktadura amaituta, Eusko Ikaskuntzak 1978ean lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen, eta Donostiako egoitza euskal ikaskuntzen eta ikerketen gune bihurtzeko erabakia hartu zuen.