Tabakalerako atxiloketak salatzeko Hernani kalean egin zuten agerraldia. (Argazkia: Bizitza Da Handiena)
Joan den maiatzaren 19tik 27ra, Donostian Turismoaren Munduko Erakundearen bilera egiten zuten bitartean, Euskal Herriko 60 herri mugimendu eta sindikatuk deituta, Bizitza Da Handiena borroka sozialen astea antolatu zuten, “boteretik herritarron gehiengoaren aurka eta gutxiengo baten alde inposatzen ari diren politikei aurre egiteko”.
Bizitza da Handiena martxan jarri zuten eragileek salatu dutenez, dinamikak iraun zuen astean adostutako tresnak desobedientzia zibila, kolaborazio-eza, ekintza zuzena eta erresistentzia izan arren, mugimenduak erantzun errepresiboa jaso du beste behin. Sare sozialetan azaldu dutenaren arabera, aste horretan Tabakalera ondoan egin zen protestaldian jende ugari identifikatu zituen Ertzaintzak, eta horietako bi atxilotu egin zituen; epaiketa bidean daude gaur egun.
Tabakalerako atxiloketak salatzeko Hernani kaleko Jaurlaritzaren egoitza aurrean agerraldia egin zuten maiatzaren 24an. Horren ondorioz,
Mozal Legea aplikatu eta 100 euroko isuna jarri die Barne Sailak, agerraldi hura kontzentrazio bat izan zela argudiatuz, eta bertan zen kideetako bati ardura leporatuz, agerraldian inor identifikatu ez zuten arren. Era berean, gogoratu dute beste bi kide daudela epaiketa bidean: Idiakez kalean okupatu zuten eraikinaren atarian, Bizitza da Handiena dinamikan parte hartzen ari zen kide bat eta bere abokatua.
Sare sozialetan zabaldu duten oharrean, honakoa adierazi dute: “Gauzak horrela, Bizitza Da Handienak erabaki du gezurrean oinarriturik isun hori ez duela ordainduko eta dei egiten die Jaurlaritza eta Ertzaintzari Gasteizko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta baita Donostiako Udalak ere baztertu duten PPk inposaturiko Mozal Legearen aurrean desobedientziaz aritu daitezen, hori baita beraiek ordezkatzen duten euskal jendartearen gehiengoaren nahiarekin bat egiteko modua”.