Urrezko Danborra izateko bost hautagaiak aurkeztu dituzte
Alicia Amatriain dantzaria, Ane Gabarain aktorea, Rosa Garcia aktibista, Esther Ferrer artista eta Dolores Redondo idazlea dira 2019ko Urrezko Danborraren zerrenda osatzen duten hautagaiak. Eneko Goia alkateak, udalbatza osatzen duten bost alderdien ordezkariekin batera, agerraldia egin du gaur goizean hautaketa prozesuaren bigarren zerrendako bost izenak aurkezteko. Herritarrek abenduaren 10etik aurrera bozkatu ahal izango dute euren hautagaia, abenduaren 16ra bitarte. Hurrengo egunean jakinaraziko da nori egokituko zaion hiriko sari nagusia.
Atzo, behin betiko zerrendako pertsonen izenak adosteko bileran, udalbatzak hautagai guztiak emakumeak izan erabaki zuen EH Bilduren proposamenez, PSE-EE eta Irabaziren babesarekin.
Amatriain, Ferrer eta Redondo hautagaien behin betiko zerrendan egon ziren iaz. Jarraian, hurrengo Urrezko Danborra izan daitezkeen bost pertsonei buruzko informazioa:
Alicia Amatriain (Donostia, 1980): Dantzaria. Lau urte zituela egin zituen bere hastapenak dantzaren munduan, eta ibilbide oparoa izan du geroztik. Donostiako kontserbatorioan formatu zen dantzari gisa, bere garapena John Crankoren Stuttgarteko Eskolan jarraitu aurretik. Bere jardun arrakastatsuak sari ugari suposatu dizkio, hala nola: der Faust saria, Benois de la Danse Saria edo Positanoa, balletaren munduko saririk zaharrena.
Ane Gabarain (Donostia, 1963): Aktorea. Telebistan egindako lanengatik ezaguna, zineman eta antzerkian ere ibilbidea izan duen profesionala da. Euskal Herrian Bi eta bat, Jaun ta Jabe eta Mi querido Klikowsky telesailetan hartu du parte, besteak beste. Egun, Espainiako Alli abajo telesaileko protagonistetako bat da. IRUTXULOKO HITZAk bere astekari berrituaren lehenengo alean elkarrizketatu zuen.
Rosa Garcia (Madril, 1948): Aktibista. 1977 urteaz geroztik bizi da Donostian, eta etxebizitza eskubidearen aldeko aktibista da. Egun, Stop Desahucios de Gipuzkoa plataformaren bozeramailea da.
Esther Ferrer (Donostia, 1937): Artista. Performance artearen aitzindaria, ekintza artea izan da bere lanerako arlo nagusia. Autorretratos, Números primos eta Juguetes educativos izan dira bere obra nabarmenenak. Arte Plastikoen Sari Nazionala (2008), Gure Artea saria (2012), MAV saria (2014) eta Arte Plastikoen Velazquez saria (2014) jaso ditu.
Dolores Redondo (Donostia, 1969): Idazlea. Idazle gisa lehen urratsak haur literaturan eman ostean, Planeta Saria irabazi zuen 2016an Todo esto te lo daré liburuarengatik. Baztango trilogia argitaratu zuen 2013 eta 2014 urteen bitartean, bere obrarik ezagunena.