Autobusen irisgarritasunari buruzko ikerketa plazaratu du Elkartuk
Elkartuk garraio publikoan irisgarritasun unibertsalari dagokionez dauden gabeziak azaleratu nahi ditu.
Ikerketa bat egin dute, Gipuzkoako autobus garraio publikoaren irisgarritasun baldintzei buruzkoa. Desgaitasuna duten 21 pertsonak hartu dute parte, eta 44 autobus aztertu dituzte, horietatik 29 hiriartekoak (%66) eta 15 hiri-autobusak (%34).
Desgaitasuna duten pertsonek egunerokoan autobusa erabiltzeko zer zailtasun izaten dituzten jakin nahi izan dute: geltokiak, hiriarteko nahiz hiriko autobusen irisgarritasuna, arrapalaren erabilera, erreserbatutako eremua, barneko mugikortasuna, deitzeko oharra, ohar akustikoa ikusmen desgaitasuna duten pertsonentzat eta abar. Baita ere langileek desgaitasuna duten pertsonekin duten tratua nolakoa den.
Ikerketan jaso dituzten datu nagusiak ondorengoak dira:
Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat eginez,
- Bidaien %16an gertakariren bat izan da, eta, horren ondorioz, erabiltzaileek ezin izan dute ibilbidea egin.
- Jasotako gertakarien %71n, autobus-konpainiak ez dio inolako erantzunik eman sortutako zailtasunari eta ez du beste aukerarik eman erabiltzaileak bidaiatu ahal izan zezan.
- Baskulazioari dagokionez (ibilgailuaren suspentsioaren bidez autobusaren altuera murrizteko sistema bertara sartzeko), aztertutako bidaien %16an baino ez da erabili mekanismo hau, eta horietan arrisku-egoerak sortu dira gurpildun aulkien erabiltzaileentzat eta mugikortasun murriztua dutenentzat.
- Autobusen %52an autobusen zorua ez da irristagaitza.
- Gurpildun aulkien erabiltzaileen %25ek baino ez du adierazi erreserbatutako eremuan arazorik gabe lekua hartu duenik eta modu egokian bira eman ahal izan duenik.
- Gurpildun aulkien erabiltzen %45ek jakinarazi du arrapala irekitzeko txirrin ohartarazlea ez dagoela aktibatuta.
- Egindako bidaien %47an, desgaitasuna duten pertsonek arazoak izan dituzte txartela balioztatzeko, eta %18k ezin izan du autobus-txartela bere kabuz balioztatu.