Itxaso Piquer, La Bodeguillan egindako bertso saio batean; aipamen berezia jaso du Amarako sariketan. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Amarako bertso paper lehiaketa antolatu du Amarako jai batzordeak, lehen aldiz , eta Aitor Odriozola izan da irabazlea. Avilan jaiotako 68 urteko
Ahobizi baten istorioa kontatu du Odriozolak,
Irun badaukazu zerbait doinuarekin. Bigarren postuan geratu da Peru Aiartza,
Dakigunon esku sortarekin; eta aipamen berezia jaso du Itxaso Piquerrek,
Arroka frontoia izeneko bertsoekin. Igandean banatu zituzten sariak; irabazlearentzat, 100€ eta bi pertsonentzako afaria, eta bigarren sarituarentzat, bi pertsonentzako afaria.
AITOR ODRIOZOLAren bertsoak
1.
Gaztelan sortu nintzen ni
Maria Jesus Bastida,
sekula igo ez arren
Avilako harresira,
nire bizitza guztia
da bertso honen segida,
beraz gonbidatzen zaitut
gera zaitezen begira,
hirurogeigarrenean
hasten da nire partida,
ez zirenez garai onak
frankismoaren harira,
gurasoen erabakiz
etorkizun bat desira,
Norteko burdinbideaz
heldu ginen Donostira. (bis)
2.
Leku aldaketa hura
lausoa dut buru goian,
hamar urte bainituen
hori jazo zen sasoian,
nerabezaroa pasaz
Trinitateko frontoian,
erabat katigatuta
Hezkuntza haren pozoian,
lagunak egiten dira
askotan kale kantoian,
hala ezagutu nuen
nire gizona den Oihan,
euskaldun abertzalea
Sabin Arana saloian,
a zer nolako uneak
igaro genitun moilan! (bis)
3.
Detailetan sartu gabe
izan genitun bi ume,
munduko nire altxorrak
dira Jon eta Irune,
eskolaratze orduan
hainbat aukera ta gune,
gure garaitik igaro
ziren hainbat bihurgune,
Ikastolak hasiberri
gogotsu baina hain xume,
herritik, herriarentzat
hura zen abiagune,
aukera onena zela
zalantzarik ez inune,
ni ito ninduen hura
bihurtzeko arnasgune. (bis)
4.
Ikastolako garaiak
joan ziren berehala,
euskaraz mintzatzen ziren
umeak koskortu ahala,
euren nerabezaroan
jaurti ziren hainbat bala,
musika entzuten zuten
Euskal Rock Erradikala,
nahiz mugimenduak izan
bi hizkuntzetan itzala,
erdia ez ulertzeak
bihurtzen nindun hutsala,
familia zuhaitzean
sentitzen nintzen ezpala,
nire etxean kanpotar
izango banintz bezala. (bis)
5.
Bilobak jaioberritan
gaua egin zen nirean,
euskaldun izango ziren
kalean eta etxean,
ikusiz nire burua
zerbait egin beharrean,
gustura senti zitezen
aitona-amonarenean,
denbora librea nuen
jubilatua, artean,
nire izena emanaz
AEK-k duen sarean,
aurkitu nuen mundu bat
izan nuena parean,
ez baita ezer ikusten
ikusi nahi ez denean. (bis)
6.
Dozena bat urte dira
euskaltegian nagola,
atzean utzi nituen
nor, nori, nork eta nola,
urte gutxiren buruan
sabaia bihurtuz zola,
euskaraz biziz ta hartuz
egoeraren kontrola,
orain Euskaraldia da
honek duenez axola,
‘Belarriprest’, ‘Ahobizi’,
zein izango nire rola?
niri berdin zait zer jantzi
txapa bat edo xingola,
‘Ahobizi’ naiz jadanik
eta segiko dut hola. (bis)
7.
Baina kalera irten ta
tristatu nire sabela,
usteaz txapa gehiago
ikusiko nituela,
hiri euskalduna denez
ezin zen izan bestela,
datuak dio erdiak
euskaraz badakiela,
nahiz gustukoa izan ez
esango dut dena dela,
gizarte honek dirudi
hain itsu eta txepela,
askotan iruditzen zait
de Beauvoir-k esan bezela,
zapaltzaileak gurean
konplizeak dituela. (bis)
PERU AIARTZAren bertsoak: Dakigunon esku
Doinua:
Zure bular politak.
-1-
Bueltak ematen nabil
sortaren gaiari,
zerbait originala
idatzi nahiari…
zortziko txiki diren
zortzi bertso handi
jarri behar dizkiot
gure euskarari.
-2-
Batetik Nor-Nori-Nork
bestetik baldintza
ikasten dabiltzanak
sufritzen dabiltza,
baina ni txikitatik
euskaraz naiz mintza
auskalo zein izan zen
nire lehen hitza.
-3-
Lehen hitzak buruaz
ezezka ta baika
gero zezelka hasi
naturala baita!
Umeak ezin ditu
soinu denak sailka…
agian izango zen
ama edo aita.
-4-
Pixkanaka handitzen
joan zen txiki zena
Ikastolan barrena
elikatzen sena,
han eskuratu nuen
nire bizi-tresna
erabiltzen dudana
lotan eta esna!
-5-
Gelako, atariko…
arrats eta goizen
Ikastola garaia
pozik dut oroitzen,
baina hazi ahala
euskarazko hitzen
ohitura gaztelera
hasi zen pozoitzen!
-6-
Telebista kateak,
lagunak, futbola…
haur batek ezin ditu
inola kontrola!
Minbizi batek giza
gorputz dena nola
kutsatzen joan ziren
nire Ikastola…
-7-
Nahiz eta orain bizi
helduen klasean
etengabe begi bat
denbora pasean…
Euskaraldian bertan
zein epe luzean
nork erabiliko du
guk egin ezean?
-8-
Sortu ahal ditzaket
makina bat testu,
gehiegi luzatzeak
logikarik ez du!
Artzek behin esan zuen
zehatz bezain estu;
biziraupena dago
dakigunon esku!
Itxaso Piquer-en bertsoak: Arroka Frontoia
Doinua: Hamalau Heriotzena I
1.
Oso mehea dugu
Lotura katea
Amara zaharrak guri
A zer atakea
Amara berrik ez du
Eskatzen pakea
Bion artean baita
Umorezko kea
Aski ezaguna da
Daukagun pikea
2.
Zentratuko naiz orain
Ni zuen auzoan
Ez bait naiz bizi bertan
Baina bai ondoan
Frontoi txiki polit bat
Hartuta gogoan
Ez nuen partidarik
Ez txaparik jo han
Gogoan dut hau bota
Zigutela doan.
3.
Memoria nolatan
erraz duten eten
nahiz ta ez egiteko
genbiltzan esaten
proiektua alare
ez zutenez uzten
arroka hauts bihurtu
zuten egun baten
ez ziren paret hutsak
historia zuten.
4.
Frontoi xarmantgarri bat
Oso dotoria
Kale bazter batian
Egoki gordia
Hirian enbarazu
Hau zen teoria
Egin ezazuela
Auzo memoria
Kontatu zuen haurrei
Bere historia.
5.
Boterearen nahiaz
Nahasten dituzte
Beraiek nahi dutena
Egiten bait dute
Amara Berrin berdin
Gabiltza ez uste
Gure jaiak haientzat
Burrunba ta sute
Gu ere aurten lekuz
Mugitu gaituzte
6.
Aldrebestu nahi dute
Esentzi guztia
Baino irtengo zaie
Oso garestia
Noriarekin apain
Dute argazkia
Sorrarazten dit honek
Barne angustia
Hau San Sebastian da
Ta ez Donostia.
7.
Etorkizunerantza
Jarriz begirada
Easo plaza hontan
Bertatik bertara
Ausnarketa sakon bat
Egin behar bada
Eraldaketa honek
Sortzen du ikara
Hirian aldaketa
Beldurgarria da.