Zubi berriaren proiektua.
Egia eta Loiola lotzen dituen Astiñeneko zubi berria egiteko lanen esleipena onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzoreak. Murias enpresak eraikiko du zubi berria 3.022.739 euroren truke, eta 15 hilabeteko epea izango du horretarako.
Zubi berriaren proiektua LKS eta Zero injeniaritza enpresen elkartzeak idatzi zuen, eta gaur egungo zubiaren ondoan eraikiko dute. Udalak Kostaldearen eta Itsasoaren Jasangarritasunaren Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatu behar izan zion itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoko ondasunetatik 1.727 metro koadro okupatzeko.
Astiñeneko zubi berriak ez du zutaberik izango ibaian, eta uraren bidea hobetuko da. Uholdeak saihesteko neurria da. Dagoeneko eraikitzen ari diren Espartxoko zubiak ere ez du zutaberik, eta beraz, Urdintzuko zubia da –Loiolako kuarteletara doana– Urumea ibaiak hirian duen oztopo hidrauliko bakarra.