Bertso saioa Lugaritz kultur etxean. (Argazkia: Donostiako Udala)
Gaur hasi dira hiriko hainbat ikastetxetan haurrei bideratuta egingo dituzten bertso saioak. Aitor Mendiluze eta Maddalen Arzallus bertsolariek sei saio egingo dituzte abenduan zehar, 9-11 urte dituzten ikasleentzat. Guztira, 26 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 1.600 bat ikasle joango dira bertso saioetara.
Gaur, Lugaritz kultur etxean egin dituzte lehen hiru saioak eta honako ikastetxeetako haurrak joan dira bertsoak entzutera: Igeldo, Jesuitinak, Santa Teresa, Sto Tomas, Amassorrain, Jakintza, Larramendi, Katalin Erauso, Ibai, Axular eta Ekintza.
Abenduaren 10ean, datorren astelehenean bi saio egingo dituzte Egian, 9:30 eta 11:00etan. Mundaiz, Claret, La Salle, Summa, Aitor, Ikasbide, Maria Reina, Arantzazuko Ama eta Orixeko ikasleak izango dira ikusleak.
Egun berean, Larratxon, 15:00etan, Altza, Herri Ametsa, La Anunciata, San Luis-La Salle, Intxaurrondo eta Herrera ikastetxeetako ikasleek izango dute bertsolari profesionalen saioa ikusteko aukera.
Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan ahozkotasuna eta bertsolaritza sustatzeko
Gu ere bertsotan egitasmoa garatzen du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak diruz lagunduta. Programa honen bitartez, bertsolariak ikastetxeetara joaten dira eta haurrekin batera bertsogintza lantzen dute. Hala ere, haur gehienak ez dira inoiz bertso saio batean izan, eta hori aldatzeko asmoz egingo dituzte abenduko saioak.