'Krii krii' musika saioa egingo dute bigarren aldiz
Duela aste batzuk IRUTXULOKO HITZAren Hamabietan bermuta ataleko protagonista izan zen.
Frances Be, Eddie Mae eta Les Alsborregach DJ-ek osatzen dute Krii Kolektiboa, eta musika elektronikoaren bitartez hiru ardatz lantzen dituzte: emakumeen segurtasuna eta askatasuna dantzalekuetan eta oholtzetan, musika elektronikoaren programazioa emakumeen ikuspegitik, eta emakumeak estilo horretan ahalduntzeko hezkuntza zein elkarbanatze saioak.
Krii Kolektiboak Krii Krii musika saioa antolatu du larunbaterako, abenduak 8. Daba Daban bigarrenez egingo duten festan Nazira, Ope Loebe eta Eddie Mae izango dira musikaren arduradunak. Musika saioa 00:00etan hasiko da.
Nazira New East Movement-eko partaide garrantzitsua da, eta besteak beste, Berlineko Room 4 Resistanceko egoiliarra da. Ope Loeben musikak biniloen bidea jarraitzen du, eta anitzak dira bere influentziak. Era berean, Eddie Maek Donostia eta inguruetako klub eta jaialdietan parte hartu du azken denboran.