'Hiria, etxea eta elkarbizitza feminismotik' jardunaldiak egingo ditu Abaraskak
Hiria, etxebizitza eta elkarbizitza feminismotik aztertu nahi dituzte Abaraska Etxebizitza Kooperatiboko kideek. Horretarako, Hiria, etxea eta elkarbizitza feminismotik lelopean jardunaldiak egingo dituzte abenduaren 19 eta 20an, Emakumeen Etxean.
Aipatutako gaien inguruan era kolektiboan hausnartzeko helburua izango dute jardunaldiek, eta antolatzaileen arabera, galderei denen artean erantzunak bilatzea da asmoa. Hitzaldi batzuk euskaraz izango dira, eta beste batzuk gaztelaniaz; aldibereko itzulpen zerbitzua egongo dela jakinarazi dute. Bestalde, izen ematea info@abaraska.eus helbide elektronikoan egin beharko dute interesatuek.
Abenduaren 19an, asteazkena, Etxea Hirian atalean, kalea eta etxea, edo publikoa eta pribatuaren arteko banaketa “artifiziala” behatuko dute. Hiriguneak antolatuta dauden modua ikusiko dute, eta zein puntutaraino kontuan hartzen diren bertan biziko diren gorputzen beharrak aztertuko dute. 18:00etan Etxebizitza kooperatiboen aukera: dependentziak eta autogestioa auzoari begira hitzaldia egingo du Oihane Ruizek. Ondoren, 19:30ean, Casa sin genero: Una aproximacion a la vivienda desde una perspectiva feminista hitzaldia egingo du Bartzelonako Col.lectiu Punt 6 taldeko Blanca Valdiviak.Ostegunean, abenduak 20, Gu Etxean atalean, elkarbizitzaren inguruan eztabaidatuko dute, honako galderetan oinarrituz: Nola jarriko ditugu praktikan interdependentziaren ondorioz suertatzen diren elkarren zaintza eta sostengu sareak? Nola partekatu nahi ditugu espazioak eta ekimenak? Ze tresna sortu ditzakegu taldeko dinamika osasuntsu baterako (erabakiak hartu, ahots guztiek lekua izan, desadostasunak onartu, gatazkak kudeatu, zaintzak bultzatu…)?
17:30ean Elkarbizitzan kokatuz, sinergiak eta inertziak lantegia egingo du Aniaiz Ariznabarretak, eta 19:45ean mahai ingurua egingo dute Errekaleorreko 28. blokeko kideek, Arterrakoek eta Bizikooponekoek. Azkenik, jardunaldiei amaiera emateko, “piskolabisa” egingo dute Bodeguillan, eta Nerea Arriolak bakarrizketa egingo du.
Laburbilduz, horrela laburtu dute Abaraskako kideek jardunaldien funtsa: “Etxea hankaz gora jarri nahi dugu kolektibotasunetik harremanak izateko moduak ulertzeko, kuestionatzeko eta transformatzeko. Beste elkarbizitza esperientzia batzuk ezagutu eredu kapitalistari eta familia nuklear heteropatriarkalari aurre egiteko eta alternatibak eraikitzeko”.