
Hiriko gazteen proiektuak garatu eta aurrera eraman ahal izateko MartxUp! programa abian jarri dute bigarren urtez Donostiako Udalak eta Mondragon Team Academyk. Urritik abendura hiru gazte talde euren proiektua garatzeko doako formazioa jasotzen ari dira, eta datorren abenduaren 15ean, hiru proiektu horiek aurkeztuko dituzte Kontadores Gazte Fabrikan egingo duten azokan. Ekitaldia 18:00etan hasiko da.
Programak gazteak bertako gizarte, kultura eta ekonomian era aktiboan murgiltzea du helburu, beraien ahalmen sortzaile eta berritzailea sustatuz. Horretarako, programan parte hartu duten gazteek proiektuen analisia eta ideazioa landu dituzte urritik abendura. Orain, “prototipatze” eta “testeatze” fasean dira hiru proiektuak.
Azoka “publiko guztientzat” dela jakinarazi dute antolatzaileek, izan ere, azokara joaten direnek, proposamenak entzuteaz gain, dinamiken bitartez hiru proiektuen sorkuntza prozesuaren parte izateko aukera eskainiko dute, hobekuntzak proposatzeko eta ideia berriak lantzeko. Festa giroan egingo dute hori, eta era berean, merienda egongo dela adierazi dute.
Honela definitzen dituzte MartxUp! egitasmoko parte hartzaileek garatzen ari diren hiru proiektuak:
- Kalea(n) bizi: Hiritarrontzat hobeto egokituko diren espazioak lortzeko helburuarekin sortu da. Donostian
topatu daitezkeen espazio publikoak eraldatu nahi ditugu, leku hauek aktibatuaz edota espazio berriak
sortuaz, ideia fresko eta parte hartzaileekin.
- Barrexerka: Gazteentzako produktu audiobisual gutxi dago euskaraz; nor hobeto gazteak baino
hutsune hori betetzeko? Galdera hori erantzunez sortu da Barrexerka proiektua; esketxak eta zuzenekoak
nahasten dituen proiektua, dagoeneko Donostian oihartzuna sortzen ari dena, eta hazten jarraitzeko gure
laguntza behar duena.
- Marmarru: “Marmarru” terminoa Marmar egitetik dator. Gaur egun bizi dugun egoera sozial eta
ekonomikoaren baitan jaiotzen den marka da. Helburua, umorea euskara eta ekologia erabiliaz gizartean
kontzientzia sortzea izango da. Hala, honetarako erabiliko den produktua poltsa izango da hasiera batean.
Poltsa hauek merkatu eta azoketan emango dira eta honen erabilerarekin plastikoak murrizten eta euskara
bultzatzen saiatuko gara. Lehen prototipoa lantzeko zuen laguntza behar dugu!