Sorkuntzaren bidez, mugak gainditu eta elkarbizitza eraiki
Harrotu Ileak proiektuko kideek hilabeteak daramatzate Tabakaleran biltzen diren gazteekin komunitate bat eraiki eta kultur egitasmoak garatzen. Era berean, migranteek hirian jasaten dituzten zapalkuntzei aurre egin nahi diete.
Duela hiru urte, 2015eko irailaren 11n, Tabakalera zentroa hirira ireki zen. Donostiak herritarrentzako espazio berri bat estreinatu zuen egun horretan, kulturaren gorazarrerako tenplu gisa. Hiria, ordea, askok espero ez zuten modura sartu zen bertara.
Modu horretan azaldu du Leire San Martinek, Tabakalerako hezkuntza arloko arduradunak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan emandako fenomenoa: inaugurazio egunetik denbora gutxira, eraikina jende gaztez betetzen hasi zen, migranteak oro har.
Gazteena kultur espazioetan gehien falta ohi den profila izateak are ikusgarriagoa egiten zuen Tabakalerako egoera. Ordea, Hartaziak taldeko Ana Revuelta hezitzailearen ustetan, zentroaren erakargarritasuna oso handia da beraientzat: wifia dago, mugikorrak kargatu ditzakete, ordutegi zabala du, ordenagailuak daude…
Baliabide horiez gain, migranteak direnentzat eraikinak beste abantaila batzuk dituela zehaztu du Fatima Fernandez gizarte hezitzaileak: “Topagune bat da beraientzat, eta heldu bat gainean eduki gabe egon daitezke hemen”. Horregatik, pixkanaka, gazte hauek euren leku propioa egin zuten Prisman, Tabakalerako bosgarren solairuan, gainerako erabiltzaileengandik banandurik.
Haiekin harreman bat sortu eta elkarbizitzan oinarrituriko kultur egitasmoak sortzeko asmoz jaio zen Harrotu Ileak proiektua. Taldeko hezitzaileak dira San Martin, Revuelta eta Fernandez, eta pozik azaldu dizkigute proiektuaren nondik norakoak.
Taldea osatzen duten gazte gehienak gizonak, 18 eta 23 urte bitartekoak eta Afrikako iparraldekoak dira. Bakoitzak bere egoera pertsonala dauka baina, orokorrean, baliabide gutxi dituzte denek. Batez beste, hirira iristen diren migranteek bederatzi hilabetez itxaron behar izaten dute Caritasek Jose Elosegi hiribidean duen Hotzaldi aterpetxean lo egiteko aukera izan aurretik. Bitartean, kale gorrian pasa behar dituzte gauak, eta egoera horretan hirian 200 pertsona daudela kalkulatzen dute Harrotu Ileak-eko kideek.
Euren egoera latza aldatu ezin dutela jakinik, proiektuko hezitzaileen asmoa gazteei lasai egoteko eta besteekin harremana izateko une bat eskaintzea da:?”Nolabaiteko segurtasun eremu bat dute hemen, eta hori ezinbestekoa da pertsona guztientzat”, azaldu du San Martinek. Hala ere, Tabakalera “puntu bero” bilakatu dela azpimarratu dute proiektuaren sustatzaileek, poliziak bertan bere presentzia areagotu egin baitu migranteak gertutik zelatatzeko.
Sorkuntza oinarri
Gazteengana hurbiltzea uste baino errazagoa izan zela aitortu du Revueltak: “‘Kaixo’ bat eta tea nahikoa izan ziren harremana sortzeko”. Lehenengo pauso hori emanda, elkarrekin proiektu bat garatzeko interes komunen bila hasi ziren, tekla egokia ukitu zuten arte: “Garbi ikusi genuen musikak asko motibatzen zituela, rap-ak bereziki, eta horri ekitea erabaki genuen denon artean”.
Proiektuaren lehenengo ikasturtean abesti bat egiteko erronka hartu zuten, eta tailerren bitartez, astetan zehar euren musika gaitasunak landu zituzten hainbat artista ezagunen laguntzarekin. Besteak beste, La Basu, Maite Mursego, Javi Pez, Telmo Trenor eta Juantxo Arakamaren bisitak jaso zituzten.
Elkarlan horren emaitza udara hasieran aurkeztu zuten, Ainhoa Olasoren laguntzaz egindako bideoklip baten bidez. Ederra bezain esanguratsua da sortu zuten abestia, bertan gazteek euren egunerokotasunean jasaten dituzten zapalkuntzak azaleratzen direlako: arrazakeria, hiritarren klasismoa, matxismoa, pobrezia, poliziaren jazarpena… Eta baita senideengandik urrun egoteak eragiten dien hutsunea ere.
Horregatik, Harrotu Ileak-en nolabaiteko familia bat osatzea bilatu dute, ostiralero 17:00etan Tabakaleran elkarrekin hartzen duten tea oinarri gisa hartuta. Astero biltzen dira hor, goxotasunean, nahi dutenaz hitz egin eta bakoitzaren bizipenak kolektibizatzeko. Horrek arazoak maila pertsonaletik politikora pasatzea ahalbidetzen duela azaldu du Revueltak, kontrakoa pentsatu arren, donostiarren arrazismoa agerikoa dela azpimarratuz: “Gazte hauek oso argi sentitzen dute hemen ez direla ongi etorriak. Edo hori sentiarazten diegu, hobeto esanda”.
Proiektuaren helburua gazte migranteak eta bertako jendea nahasiko dituen taldea osatzea dela gogoratu du Fernandezek: “Beraiek jendea ezagutu eta planak egiteko irrikan daude, gizartearen parte izan nahi dutelako». Pertsona hauen gizarteratzea sustatzeko ezinbestekoa da, ordea, «gure buruetan soilik existitzen diren mugak gainditzea”, San Martinen iritziz.
Udara ostean hasi duten ikasturte berriari begira, jende gehiago erakarri eta taldea heterogeneoagoa bilakatzeko erronka hartu dute. Antzezlana da aurten landuko duten ildoa, eta San Martinen ustetan, “musika bezala, gazteei barruan dutena ateratzen laguntzeko tresna aproposa izango da”. Azken bi asteetan zehar antzerki tailerrak egiten aritu dira Casablancatik (Maroko) etorritako hainbat artistekin batera, taldeak hurrengo hilabeteetan antzeztuko duen Zapalduen antzerkia prestatzeko. Proiektu berri hau abestiarena bezain arrakastatsua izatea espero dute, eta leku ugarietan antzezteko aukera izatea gustatuko litzaieke, euren mezuak kontzientziak ere harrotzeko balio dezan.