(Argazkia: Donostiako Udala)
Ogasun batzordea egin dute gaur udaletxean, 2019ko aurrekontuez hitz egiteko. Udal gobernuaren aurrekontu zirriborroari egindako zuzenketak izan dituzte hizpide, eta guztiak baztertu dituzte. Dena dela, Eneko Goia alkateak adierazi du hilaren 20ko udalbatzarrera bitarte zuzenketen inguruko akordioak egon daitezkeela.
“Udal gobernuaren borondatea da aurrekontuak babes zabalenarekin onartzea”, adierazi du Goiak. Gaurtik aurrera elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat ireki dute gainerako udal taldeekin, eta ez dute baztertzen akordio jakin batzuk lortzea.
Osoko zuzenketa aurkeztu dute EH Bilduk eta Irabazi-Donostiak. Biekin adostasuna lortzea zaila izango dela esan du alkateak. “EH Bilduk zuzenketak sei multzo handitan batu ditu, eta multzo bakoitza bere osotasunean bozkatzea eskatuko dute. Horrek zaildu egiten du akordioa”.
Bestalde, Irabaziren jarrera “harrigarria” iruditzen zaio Goiari. “Hiriari begira duten ikuspegiarekin ez dugu bat egiten. Esaterako, Tabakalerako diru zatia udalak ez emateko eskatu dute”. PPren udal taldeak, berriz, ez du osoko zuzenketarik aurkeztu, eta akordioren bat egon daitekeela esan du Goiak.