Carmen Ubago, Oscar Parrondo eta Ernesto Gasco aurkezpenean. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Donostia Jokoa aurkeztu dute, familiari zuzenduriko mahai jokoa. Hiriko kale, auzo, denda eta negozio bitxienak –100 urte baino gehiago dituzten 15 denda– bisitatzeko aukera ematen du, Monopoly eta Antzararen Jokoaren antzeko funtzionamendu zein arauekin. Donostiako Udalak eta jokoan ageri diren dendak arduratu dira finantzaketaz.
Oscar Parrondo eta Carmen Ubago donostiarrek garatu dute jokoa. Parrondo koordinazioaz arduratu da, eta Ubagok ilustrazioak egin ditu. Aldiz, Enric Cervera enpresari kataluniarrak sustatu du proiektua. Girona, Sabadell eta Iruñeko jokoak sortu zituen aurretik, eta orain, Donostiaren txanda iritsi da.
Eta nola jokatzen da? Taulan agertzen diren dendetan erostea da jokoaren oinarria. Hau da, hiriko dendetan. Horrekin batera, taulan mapa baten gisara daude irudikatuta Donostiako kale nagusiak, eta fitxak horietatik zehar mugituko dira probak gainditzearekin batera. Irabazlea establezimendu gehien erostea lortzen duen aurrenekoa izango da.
Euskaraz eta gaztelaniaz plazaratu dute jokoa –4.000 fabrikatu dituzte–, eta
27 eurotan eskuratu ahal izango da Donostiako dendetan. Besteak beste, jolas denda nagusietan, kioskoetan eta zenbait liburu dendetan. Internet bidez ere erosi ahal izango da. Esaterako, Donostia Turismoren webgunearen bitartez.