(Argazkia: Bitartekariak Martxan)
Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekariek mobilizazio berriak iragarri dituzte. Ostiralean, hilak 14, egun osoko greba egingo dute langileek, eta greba mugagabea egingo dute datorren abenduaren 22tik aurrera.
Pasa den astean Sedena enpresa azpi-kontratatuarekin bildu ziren, eta negoziazioetan ez da aurrerapausorik eman. Horrela, langileek mobilizazioak areagotzea erabaki dute, ELA sindikatuaren babesarekin. Bitartekarien “helburu bakarra” bizi duten egoera prekarioari bukaera ematea da, eta hasieran adierazi bezala, hori lortzeko “bukaerara arte iristeko prest” daude.
Ubik liburutegiko langileen egoeraren aurrean, negoziazio erreal baterako deia luzatu diete Tabakalerako administrazio kontseiluari eta Sedena enpresari. “Arduraz jokatzeko momentua iritsi dela uste dugu”, adierazi dute. Horrez gain, herritarrei eta Ubik liburutegiaren erabiltzaileei eskatu diete bitartekarien mobilizazioetan aktiboki parte hartzeko. “Behingoz, bai Tabakalerak eta baita enpresak ere egiten duten lana aintzat hartu, eta bitartekarien lan baldintzak hobetzeko eskatzen dugu”.