
Datorren urterako Kirol Txartelaren harpidetzak datorren astelehenetik aurrera, abenduak 17, egin ahal izango dira
donostiakirola.eus webgunearen bitartez, eta baita bulegoetan eta harrera zerbitzua duten kiroldegietan ere.
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, aurten online egiteko sistema berria abian jartzeak bide horren bitartez egindako harpidetza berrien ehunekoa %25eraino igotzea ekarri du. Era berean, harpidedunen kopurua zertxobait igo dela adiera du udalak, eta urtea 48.000tik gorako harpidedunekin itxiko dute.
Gainerako datuei dagokionean, harpidedunen %62ak, familiako modalitateak, orokorra eta familia ugariena aukeratzen ditu. Banakako modalitateen artean helduena da nagusi, %26a, Gaztea %5a, 65 Plus %4,5a, Gizarte harpidetza %3a, Adingabea %2,5a eta, azkenik, ezgaituena %1a. Era berean, %53 gizonak dira eta %47 emakumeak, eta jatorriari dagokionez, Antigua-Bentaberri auzoak ditu harpidedun gehien, guztien %15a gaindituz; jarraian Amara Berri (%13,5), Aiete (%11), Intxaurrondo (% 9), Altza (%8,5), eta Gros (%7) daude.
2019ko berrikuntzak
Datorren urteari begira Kirol Txartelaren berrikuntzarik nagusiena familia gurasobakarrentzat harpidetza mota berezia da. Guraso batek eta seme-alaba batek edo gehiagok osatutako familiek harpidetza mota hau egin ahal izango dute eta Familia harpidetza baino merkeagoa izango da.
Gainera, Kirol Txartelak bere zerbitzu eta abantaila guztiak mantenduko ditu. Horrela, honako zerbitzuak berdin jarraituko dute: 15 udal kirol instalazioetarako sarrera librea eta bertan dauden igerileku zein gimnasioen doako erabilera, norberari egokitutako oinarrizko entrenamendua, eta doako kirol jarduerak eta Kirol Ekintzak kanpainako ikastaroetan deskontu handiagoak. Era berean, neguko denboraldian hiriko hiru hondartzetako kabinak erabili ahal izango dituzte harpidedunek, eta baita webgunearen bidez egiten diren zozketetan parte hartu ere bai.
Altzako kiroldegia eraikitzeko lanak atzeratu dituzte, berriro amiantoa azaldu dela eta, baina udalak jakinarazi du 2019. urtean irekiko dutela 900 m2 tako gimnasio berria. Gainera, datorren urtean harpidetza berria egingo duten Altzako bizilagunek ez dute sarrera kuotarik ordaindu beharko.