
Ekolingua izeneko jolasa dela eta, datozen egunetan Donostiako hamahiru ikastetxetako ikasleek euskara eta hizkuntzen inguruan hausnartzeko aukera izango dute Tabakaleran. Hain zuzen, 14 era 20 urte bitarteko 300 gaztek hartuko dute parte Udaleko Euskara Zerbitzuaren egitasmo honetan, abenduaren 18ra bitarte.
Elhuyarreko teknikarien eta EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia graduko ikasleen laguntzarekin garatutako karta jokoak hizkuntzen erabilerarekiko informazio soziologikoa lortzea du helburu, horien inguruko azterketa bat aurrera eramateko. Jokoaren funtzionamendua azaldu dute antolatzaileek: “Gazteak seinaka eseriko dira mahai baten inguruan eta mahai bakoitzean dinamizatzaile bat izango da. Behin taldea osatua, EkoLingua karta jokoan hasiko dira. Bertan informazio kartak, eztabaida kartak eta erronka kartak daude eta horietan oinarrituta bideratzen da solasaldia eta hausnarketa”. Ikerketarako lagungarria izateaz gain, egitasmoak hizkuntza gutxituen aldeko jarrerak sustatu eta komunitatea ahalmentzen laguntzea du helburu.