Altzako kiroldegia eraikitzeko lanak atzeratuko dituzte, berriro amiantoa azaldu delako
Altzako kiroldegia eraikitzeko lanak atzeratu dituzte, berriro amiantoa azaldu dela eta, Altza Osasuntsuaren Aldeko Plataformak jakinarazi duenez, Estibaus webgunearen bidez: “Udal teknikariek jakinarazi digute hilabete batzuetako atzerapena izango dutela kiroldegiaren eraikuntza lanek. Ezin izan dute zehaztu zenbat atzeratuko den, Eusko Jaurlaritzak egin beharreko izapide batzuen mende baitago”.
Berriro amiantoa azaldu izana da atzerapenaren arrazoia, altzatarren esanetan: “Atzerapen honen jatorrian dago berriz agertu izana amiantoa, oraingoan, kiroldegiaren orubearen inguruan. Azterketa berriak eginarazi eta lur horiek estaltzeko moduak bilatzea eragin du”.
Urria erdialdean lanak eten behar izan zituzten. Lanak hilabetez geldirik izan eta egunero airearen neurketak egin ostean, lanei ekin diete berriro ere, ez baita positiborik neurtu berriz. “Kutsatutako lurren eremua estaltzeko lanak amaitzean, haren gainean parke bat atonduko du udalak. Edonola, plataforma honek ohartarazi dio udalari eremu horren ertz batean, Berra egoitzaren inguruan dagoen horretan, amianto ondarrak (uralita) agertu direla eta oraindik irtenbiderik ez zaiola topatu. Horren haritik, udaleko teknikariek hitzeman dute konponduko dituztela Oleta ikastetxera iristeko bidean eraikuntza lanek eragindako kalteak”.
Bilera otsailean
Plataformak adierazi du otsailean bilera ireki bat egingo duela esan diela udalak, egoeraren inguruan hitz egiteko: kiroldegi berriaren eta kanpoko igerilekuen eraikuntzak, lur kutsatuen estaltzea eta horietan eraikiko den parkea, Santa Barbara/Harri Berri eremuan aparkaleku berri bat eraikitzea, 4 itemeko lurren ingurumen azterketak, Oleta ikastetxera irisgarritasuna bermatzeko aukerak…