(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Legealdiko balorazio bilera egingo dute Igeldoko Herri Kontseiluak eta Eneko Goia alkateak. Datorren asteartean elkartuko dira udaletxean, 17:30ean.
Ainhoa Gorostidi Herri Kontseiluko kideak adierazi duenez, zenbait eskaera egingo dizkiote alkateari. “Batez ere, udal gobernuak alde batera uzteko legealdiko hitz eta promesa hutsalak, eta benetako konpromisoa hartu dezala Igeldoren afera eta arazoak konpontzeko”.
Igeldoko herritarrek udalerri berri bat sortzeko asmoa adierazi zuten legealdia hasi aurretik, baina Donostiako Udala osatzen duten alderdien gehiengoak bide hori ukatu zuen. “Berriz ere nahi hori errespetatu dezala eskatu nahi diogu alkateari”, azpimarratu du Gorostidik. Era berean, gogoraraziko diote berak eta bere alderdiak “ezezkoa babestu” zutela.
Goiak Igeldoko herritarren haserrea eta kexak ulertzen zituela adierazi zion Herri Kontseiluari. “Azken hauteskundeetara egoera horrekin bukatzeko konpromisoarekin aurkeztu zen. Gainera, askotan adierazi dute beti izan dutela Igeldoren berezitasunak kontuan hartzeko eta abandoni egoerari buelta emateko helburua eta proiektua”.
Lau urteren ondoren hasierako promesak ez direla bete kritikatu du Gorostidik. “Udal gobernu honek ez du agertu inolako sentsibilitaterik Igeldoren berezitasunekiko, eta alkate jaunak ez du Donostian Igeldok duen lekua hobetezko inolako proiekturik abiatu”.
Herri Kontseiluak eskaera asko erregistratu ditu udalean, baina ez dute erantzunik jaso. Gainera, 2019ko aurrekontuetan ez dago aurreikusita Igeldorako proiekturik eta hobekuntzarik.