Duintasuna elkarteak deitutako manifestazioa, erdialdetik pasatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Pentsio duinen alde mobilizazioak egingo dituzte larunbatean, hilak 15, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Donostian, 16:30ean aterako da manifestazioa Alderdi Ederretik.
Hilabeteak daramatzate pentsiodunek pentsio duinen aldeko mobilizazioak egiten, hilabete hasieran Gasteizen bildu ziren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunen plataforma eta mugimenduetako kideak, larunbateko mobilizazioaren aldarrikapen bateratuak erabakitzeko. Horien artean, Europako Gutun Sozialaren babesa jasotzen duen 1080 eurotako gutxieneko pentsioaren eskaera dago.
Era berean, pentsio sistema publikoa ziurtatze aldera, dagokien ardurak betetzeko eskatuko diete erakundeei eta eskumena duten politikariei. Lau herrialdeetako pentsiodunen plataforma eta mugimenduek sinatutako akordioaren arabera, egiten dituzten aldarrikapenak betetzeko, borondate politikoaren beharra nabarmendu dute.