Gutxi batzuek bizirik diraute, baina azken belaunaldiak izan daitezke
Etxe multzoen artean edo hirigunetik bananduago dauden guneetan bizirik diraute oraindik baserri batzuek; badira oraindik ere barazkien salmentaz bizi diren donostiarrak, edo eurentzako baratzea dutenak.
Baserri gutxi geratzen badira ere, oraindik hortik bizimodua ateratzen duten familia batzuk geratzen dira. San Martin eta Bretxako azokak dira baserritar gehienek barazkiak saltzeko erabiltzen dituzten guneak, eta emakumeak izaten dira nagusi.
Bretxako merkatura duela 30 urtetik joaten da, esaterako, Kontxi Zinkunegi. Ibaetako Muno baserrikoa da, Santos Irizar senarraren familiako baserria: «Familiako zazpigarren belaunaldikoak gara baserrian; baratzetik eta behi esnea saltzetik bizi izan gara beti. Oraindik ere ekoizten dugu esnea, eta Kaikuri saltzen diogu».
Bretxara asteartetik larunbatera joaten da; bezero fidelak dituela dio, eta tarteka turistek ere erosten diotela: «Telebistan errezetaren bat ateratzen den garaian badakigu hurrengo egunean hori salduko dugula. Kanpotik etortzen direnek, asko jota, babarrunak eraman ditzakete, hemen ez dutelako sukalderik». Hurrengo belaunaldiei dagokienez, ordea, ez du jarraibiderik ikusten, bi alabak bestelako lanetan baitabiltza: «Bukatu egingo da. Tristea da, baina galdu egingo da, baserritik bizitzea oso zaila dago».
Mirari Zeberio Hernaniko Arriatzu baserrikoa da eta hau ere egunero joaten da Bretxako merkatura, azken 42 urtean. Aurretik amona eta izeba joaten ziren. «Lehen esne behietan ibiltzen ginen, 200 behi baino gehiago genituen. Gero, behiak kendu eta barazkietan aritzen gara, eta Hernani barazki denda daukagu». Tradizioak aurrera jarraituko duela dio, iloba batek jarraitzeko asmoa baitu.
Amarako azken baserria
Amaran baserri bat geratzen da, Txanpuene, eta aspalditik botako dutenaren mehatxupean badago ere, zutik dirau. Arbaizeneako urbanizazio proiektua dela eta, lursail horretan luxuzko etxebizitzak eta Txanpon Enea parkea egitea aurreikusi zuen udalak, baina afera epaitegietara eraman zuen baserriko familiak. Baserriko maizterra da Iñigo Etxabe (Amara, 1964) eta prozesuak aurrera jarraitzen duela dio: «Epaiaren zain gaude. Uztailean eman behar zuten, baina zain gaude oraindik. Prozesu horren barruan dago gure desjabetzea, baina uste dugu lortu dezakegula baserriaren jabetza». Etxabek, gainera, salatu du euren landa lurretan obretako harriak bota dituztela: «Baserriaren inguruan lauzpabost hektarea erabili izan ditugu beti, baina udalak erabaki zuen zati bat ez zela gurea, eta parkea egingo zuela hor. Horrela, parke horretan bidegorri bat egitearen aitzakian, 6.000 kamioi bidaia baino gehiago egin dituzte ekartzeko San Bartolome muinoko bigarren zatian ateratako harriak. Lur guztia suntsitu dute».
Badira 150 urte inguru Etxaberen familia baserrira iritsi zenetik, eta berak bizitza osoa eman du baserrian. «Garai desberdinak izan ditu gure familiak, eta azken 30 urteetan aldaketa asko egon dira zoritxarrez. Gu txikiak ginela, behiak genituen, gure aitak hogei behi ere ezagutu omen zituen. Gero, 1980ko hamarkadan behiak kentzea erabaki zuen osabak; eta txekor batzuekin eta baratzearekin egin zuen aurrera». Gogoan du San Martin azokan saltzen zituztela barazkiak orduan, eta 2004an osaba hil zenetik, euren konturako baratzea egiten jarraitu dute, eta ardiak eta oilo batzuk ere badituzte.
Donostiako baserrien inguruko erreportaje bat egin dugu.
Etxetxo baserriko Koro Zubillaga eta Joxerra Mikeo elkarrizketatu ditugu.