Dena prest dago San Tomas egunerako
Datorren ostiralean, abenduak 21, ospatuko dute donostiarrek San Tomas eguna, baserri giroa gogoratzen duen festa. Donostiako Udalak San Tomas eguneko egitarauaren berri eman du gaur goizean, udaletxeko Gobernu Batzordearen Aretoan egindako aurkezpenean.
Lehen, baserriaren errentak baserriko jabeei ordaintzeko hirira jaisten ziren baserritarrak San Tomas egunean, eta bide batez, baserrietan ekoiztutako produktuak saltzeko aprobetxatzen zuten. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, aurten 205 postu ipiniko dira iaz baino lau postu gehiago. Horiek Gipuzkoa plazan, Konstituzio plazan, Sarriegi plazan, Okendo plazan, Zuloaga plazan, Boulevarden eta Elkano eta Txurruka kaleetan banatuta egongo dira, eta honakoak izango dira eskainiko dituzten produktu nagusiak: txistorra, gozokiak, taloak, eta gazta eta esnekiak. Gainera, hainbat jatorritako eskulangintzako produktuak eskainiko dituzten 49 postu egongo dira.
Postuez gain, kultura-eskaintza zabala iragarri du udalak. Berrikuntza gisa, Donostialdeko Ezti eta Txorimaloen lehiaketak berreskuratu dituzte, eta biak Zuloaga plazan egingo dira. Era berean, Baserritar Jantzien II. Lehiaketa egingo du Gero Axular dantza taldeak Bulebarreko kioskoan.
Beste berrikuntza bat ere nabarmendu dute aurkezpenean, izan ere, aurten, lehen aldiz, DBH eta Batxilergoko ikasleei esleitutako postuetan alkoholik gabeko edariak baino ezingo dituzte saldu. Udalak jakinarazi du Adkizioen Legea zorrotz aplikatzeko erabakiaren ondorioz hartutako erabakia izan dela. Honako hausnarketa plazaratu dute gaiaren inguruan: “festak gure bizitzan gizarte harremanerako oso leku garrantzitsuak dira, eta are gehiago gazteak bagara; festek herritarrak biltzen dituzte eta herri, hiri, multzo… bateko kide izateko sentimendua sortzen dute. Eta askotan —nahi baino gehiagotan— festa eta alkohola hitzak lotzen dira. Eta alkohol horrek, arduragabekeriaz kontsumituz gero, kalte konponezinak eragin ditzake. Duela urte batzuk, festetan iraunkortasunaren, irisgarritasunaren, askatasunaren eta berdintasunaren alde egin genuen bezala, eta urte askotan San Tomas egunean adingabeei alkohola modu arduratsuan saldu eta hauek kontsumi zezaten saiatu garen arren, ondorio batera heldu gara (hainbat erakunde publikok eta pribatuk lagunduta): lehen aipatutako neurria abian jarri behar dela, festak alkohola kontsumitu gabe dibertigarriak, erakargarriak, emankorrak, interesgarriak eta abar ere izan daitezkeela defendatuz”.
Era berean, jaietan gertatzen diren eraso sexisten prebentziorako eta haiek gertatuz gero arreta emateko, informazio-postu bat jarri dute Bulebarrean.
Herri-kirolaren esparruan, hirugarren urtez jarraian, emakumeak protagonista izango diren bi txapelketa egingo dituzte. Alde batetik, Esku pilotako emakumeen II. txapelketa egingo dute, lehen mailako pilotariekin. Bestetik, partida misto bat jokatuko ditu eta botilero lanak egingo dituzte Iratxe Ibarra eta Andoni Egaña bertsolariek. Gainera, III. Urrezko Kopan, bost lehiakidek hartuko dute parte: Itsaso Onsalok, Maika Ariztegik, Nerea Sorondok, Irati Astondoak eta Maria do Amparo Sousa Santosek.
Konstituzio plazan erakusgai jarriko duten txerria ere aurkeztu dute: Gilda. Azken urteetakoak bezala, Leitzako Arro baserrian artoa eta barazkiak janez hazitako txerria da Gilda, Jatorriz Urrozkoa izan arren. Bost urte ditu eta San Tomas egunean 340 kilo inguru izango dituela aurreikusi dute. Konstituzio plazan ikusgai egongo da 10:00etatik 20:00etara.
Auzoetan baita ere
Aipatutako jai guneez gain, hiriko auzoetan ere izango dute zer ospatu. Morlansen gaur bertan ospatuko dute San Tomas, eta larunbatean, abenduak 15, Bidebietan eta Larratxon. Abenduaren 16an, Ibaetan, Intxaurrondon (Sagastieder) eta Loiolan. Bestalde, San Tomas egunean bost auzok egingo dute festa: Grosek, Amara Berrik, Amarak, Antiguak eta Intxaurrondok (Bernart Etxepare).