Donostiako parke bat auzolanean garbitzeko deia egin dute
EHUko Gipuzkoako kanpusaren ondoan dagoen parke bat garbitzeko deia egin dute iganderako. Herritarren laguntza eskatu du Haritzalde Naturzaleen Elkarteak; berdegune horretan dagoen zaborra eta hondakinak bildu eta eremua garbitzeko. Europa plaza ondoan geratuko dira igandean, 10:30ean. Garbiketa egiteko materiala banatuko dute eta hondakinak gaika bilduko dituzte. Mokadutxoa jango dute ondoren, eta parkea ezagutzeko ibilbidea egingo dute. Informazio gehiagorako: 609 420 438.
Auzolana prestatzeko Juantxo tabernaren laguntza izan dute. Azken hilabeteotan 500 euro bildu dituzte derrigorrean kobratu behar diren plastikozko poltsengatik –paperezko poltsetara pasatzeko prozesuan murgildu da–, eta diru hori ingurumena zaintzeko jardueretara bideratzea erabaki dute. Hala, Haritzalde elkarteari eman dizkio, eta elkarteak auzolanean inbertitu du dirua.