
Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak Donostiako Lankidetza Kontseiluaren bilera utzi zuten atzo, protesta gisara. Salatu dute legegintzaldi hasieratik Donostiako Udalaren lankidetza politikak geldirik daudela.
“Pobrezia eta desberdintasunei aurre egiteko laguntza eskasa ematen dute, eta ez dituzte akordioak errespetatzen”, salatu du koordinakundeak. Nazioarteko lankidetzan aritzen diren 79 Gobernuz Kanpoko Erakundek osatzen dute; horietako 51 Gipuzkoakoak dira.
GKEetako kideek
%0,7 noiz? Hitza bete leloa idatzita zuten kamisetak eraman zituzten bilerara. Hain zuzen ere, 2019ko aurrekontu zirriborroaren arabera, udalak %0,37 bideratuko du lankidetzara; 1.728.342 euro. “Azken urteotan euskal erakunde nagusi gehienek, gehiago edo gutxiago, areagotu egin dituzte ehuneko horiek. Euskal hiriburuen artean Donostia da ekarpen txikiena egiten duena”, adierazi dute.
Historian zehar Donostiako Udalak nazioarteko elkartasunaren alde egin duela nabarmendu dute. “Baina, zoritxarrez, oraingoan hiriburuen artean azken postuan daude ekarpen aldetik, eta hori ez da Donostiak merezi duena”.