(Argazkia: Donostia Kultura)
Okendo kultur etxean ikusgai dago
Urtaroen azalak gaueko lubakian erakusketa. Kresala dantza taldearen 50 urteko ibilbidea jasotzen du. Hain zuzen, konpainiaren 50. urteurrenarekin bat egiten du. Urtarrilaren 26ra bitarte ikusi ahal izango da.
56 argazki, 63 maskara, programa, eskuizkribu, bozeto, maketa eta bideo bat ikus daitezke erakusketan. Taldeak dantza eszenikora eraman duen iruditegi tradizionalaren isla dira. Kresalaren hainbat une jasotzen dituzten argazkiak gehien bat Juan Carlos Ruiz argazkilariak egin ditu. Dantzariei egindako gertuko jarraipen estua erakusten dute. Beste argazkilarien lan batzuk ere ikusgai daude: Iosu Otaegi, Jose Usoz, Iker Azurmendi, Niko Iturralde, Fernando Martinez, Arturo Delgado eta Boris Lipnitzkirenak.
Erakusketako elementuen artean, Xabier eta Benito Garate Echarrik sortutako maskara ere aipatu behar da. Estatua-iruditegi, segizio figura eta iruditeria paganoan sona handia duten egileak dira anai irundar hauek.
Pausoz pauso, hegaldi isila, hagada luzea katalogoan jaso da erakusketa. Argitalpen honetan gonbidatu apartak daude, lan honetarako propio testu originalak idatzi dituzten adituak. Hala nola, Mari Karmen Gil Fombellida, Norka Chiapusso, Rafael Zulaika, Iratxe de Arantzibia, Xabier Mendizabal, Ima Irazustabarrena eta Beñat Ralla Yusta.