Aitorren omenezko martxa egin zuten Donostian bere hilketaren 20. urteurrenean. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Ricardo Guerra, duela 20 urte Vicente Calderon estadioaren kanpoaldean Aitor Zabaleta hil zuen neonazia, Bruselan atxilotu dute Atletico Madrileko beste hainbat zale faxistekin batera agur naziak egiteagatik. Guerra 17 urteko espetxealdira kondenatu zuten Zabaletaren hilketarengatik, baina 2006an, erailketatik zortzi urtera, hirugarren gradua aplikatu zioten eta geroztik kalera irteteko eskubidea dauka.
Atxiloketa aurreko astean gertatu zen, Atletico Madrilek Brujasen aurka jokatu zuen neurketaren harira. Partidaren aurretik, talde madrildarreko zaleek agur faxistak egin zituzten Belgikako polizien aurrean, eta hauek 29 pertsona atxilotu zituzten, Guerra tarteko. Espetxealdian zehar, Zabaletaren hiltzaileak talde faxistekin gertuko lotura izaten jarraitu du, eta gizarteratze zentrotik irteteko dituen baimenetako bat aprobetxatuz egin zuen Bruselarako bidaia aurreko astean.
1998ko abenduaren 8an Realeko zalea erail zuenean, Guerra beste espetxe-baimen batez gozatzen ari zen, bi urte lehenago beste gazte bati labana sartzeagatik atxilotu baitzuten.
Irutxuloko Hitzak erreportaje zabala argitaratu du Zabaletaren hilketaren 20. urteurrenaren harira, egun latz hura gertutik bizi zuten pertsonekin hitz egin ostean.