Emakume bat kiroldegira sartzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
2019rako kirol txartelaren harpidetza egiteko epea gaur zabaldu da, berritasun nagusi batekin: udalak familia gurasobakarrentzako harpidetza mota berezia eskainiko du lehen aldiz. Harpidetza eredu berria sortzeko erabakia positibotzat jo du
AMMBG Amabakarreko Familien Elkarteak, baina euren familia ereduak aitortzarik izan gabe jarraitzen duela salatu dute bere kideek. Hain zuzen,
amabakarreko familiak eta pertsona alargunen familiak harpidetza eredu berean sartu ditu Donostiako Kirol Patronatuak, “bi familia eredu desberdin direla eta bakoitzak bere egoera sozioekonomikoa duela kontuan hartu gabe”, elkarteko Maider Otegiren arabera.
Amabakarreko Familien Elkarteak urteak daramatza udal erakundeek euren familia eredua aitortu dezaten borrokan, eta iaz jada aurrerapauso bat lortu zutela azaldu Otegik: “Amabakarreko familioi kirol txartelaren prezioan deskontu bat egiten hasi ziren, baina neurria ez zen nahikoa izan”. Izan ere, orain arte mantendu den harpidetza sistema horrek salbuespen gisa tratatzen zuen euren familia eredua, eta jasotako deskontua errenta aitorpenaren araberakoa zen. Gainera, laguntza horri buruzko informazioa ez zen batere irisgarria izan Otegiren ustez, “eta horrek familia askok aukera horren berri ez izatea eragin zuen”.
Gaurtik aurrera herritarren eskura dagoen harpidetza sistema aurrerapauso bat izan dela nabarmendu du Otegik, baina funtsezko arazoak berdin jarraitzen duela adierazi du: “Ez dugu besteek guk baino gutxiago edo gehiago jasotzea eskatzen, gure familia eredua aitortua izan dadila baizik”.