Gazte Topaguneko bonuak salgai daude
Lemoan egingo dute 2019ko Gazte Topagunea, apirilaren 19, 20, 21 eta 22an. Ernai eta Aitzinak antolatuta, Askatasun bulkadak independentziara! lelopean, lau egunez herri bizkaitarra “aldarriz, borrokaz, kolorez, bizipozez eta doinuz” beteko dute.
Aurten, berritasun gisa Gazte Sortzaileen Plaza egongo da, non askotariko diziplina kulturalak bilduko diren, hala nola, musikagintza, bertsolaritza, idazketa, marrazkigintza… Antolatzaileek eztabaida gune eta hausnarketarako eremua sortzea dute helburu, “Euskal Herria kulturatik eraikitze bidean pausuak emateko”.
Gazte Topagunean parte hartzeko lehen bonuak salgai daude Euskal Herriko eskualdeetan, 60 euroan. Donostian, Herrian, Plateron, Marruman, Ilunkin, Koskorrion eta Zulon jarri dituzte salgai. Topagunearen inguruko informazio guztia gaztetopagunea.eus webgunean aurkitu daiteke.
Era berean, Gazte Topagunearen aurkezpen bira egingo dute Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan, eta Donostian, otsailaren 14an egingo dute, Dokan. Aurkezpen ekitaldian Ion Telleriak hitz egingo du, eta Nau eta Hesian taldeek kontzertua eskainiko dute.