San Tomas eguna ospatuko dute Grosen
Urtero bezala, San Tomas eguna ospatuko dute Grosen, abenduaren 21ean. Egitarau oparoa antolatu du Groseko jai batzordeak, eta gainera, txistorra eta sagardo postuak, artisautza postuak eta bertako produktuen postuak egongo dira Txofre plazan.
Txistorra eta sagardo postuak jarriko dituzte auzoko hainbat eragilek, hala nola, Urrats aisialdi taldeak, Bera Berak, Casa Galiciak, Uliako Gimnastikak, Mariaren Bihotza abesbatzak, Zurriola ikastolak, Marruma elkarteak, Trumoiak konpartsak eta Txasis konpartsak. Gainera, Aratz Gia taldeak lehenengoz jarriko du postua.
Postuen arteko pintxo lehiaketa egingo dute aurten, eta hiru sari banatuko dituztela jakinarazi du jai batzordeak. Alde batetik, pintxo hoberenaren saria egongo da. Bestetik, postu hoberenari saria emango diote, eta kontuan hartuko dituzte, besteak beste, aurretik eragile bakoitzak egindako lana, egunean zehar egindako lana eta postuaren itxura.
Azkenik, postu jatorrena zein den aukeratu ahalko dute herritarrek; eragile bakoitzak txartelak izango ditu bere postuan, eta oholtzan jarriko duten kutxa batean sartu beharko dute herritarrek euren bozka. Hiru irabazleei IRUTXULOKO HITZAren poltsa bat emango zaie.
EGITARAUA
- 10:00 Egunaren hasiera
- 11:00 Postuen arteko pintxo lehiaketa
- 11:00 Musika emanaldia Jazpana Irungo taldearen eskutik
- 11:15 Haurrentzako tailerrak, Urrats Taldearen eskutik
- 12:30 Haur eta gaztetxoentzat dantza festa, DJonen eskutik
- 14:00 Iñaki Revuelta eta Jesus Etxebeste kantarien emanaldia
- 15:00 Postuen arteko sari banaketa
- 15:30 Bertso saioa: Iñaki Apalategi eta Jon Martinen eskutik. Musikaria: Beñat Antxustegi. Gai jartzailea: Gorka Segurola
- 16:30 Ereski abesbatza, Karkizano kaletik abiatuta, auzoko kaleetan zehar
- 17:00 Erraldoi eta buruhandiak auzoko kaleetan zehar, Nafarroa Behera plazatik aterata
- 18:00 Gabezin erromeria, Okendo kultur etxearen eskutik
- 20:00 Zezen suzkoa
- 21:30 Festaren amaiera