(Argazkia: Karlos Corbella)
Satorralaia bizilagun mugimenduak salatu duenez, topoaren igarobidearen proiektuan aurreikusitako larrialdi irteerek indarrean dauden segurtasun arauak eta gomendio ofizialak hausten dituzte. Horrela, bizilagunen mugimenduak jakinarazi du salaketa bat jarri duela EAEko Babes Zibilerako Batzordean eta Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituren Sailean.
Pio Baroja kiroldegiaren ondoko zabalgunean aurreikusita dago Mirakontxa azpiko Erdialde-Kontxa eta Bentaberri geltokien arteko larrialdi irteera. Satorralaiak salatu du Espainiako Sustapen Ministerioaren araudian instalazio mota horientzat zehazten diren ezaugarriak ez direla betetzen, izan ere, araudi horren arabera, “pertsonen ebakuazio azkarra eta segurua” ahalbidetu behar dute larrialdi irteerek; Satorralaiaren arabera, aurreikusita dauden larrialdi irteerek ez dute baldintza hori bermatzen.
Eraikuntza proiektuko planoek erakusten dute larrialdi irteerako galeriak aldapa handiko 500 metroko luzera eta 400 eskailera izango dituela. Larrialdi irteeraren galeriak %15eko aldapa du, aipatutako araudiek %8ko gehienezko aldapa agintzen dutenean. Era berean, Pio Barojako larrialdi irteerak ez du erreskateko ibilgailuen sarbidea ahalbidetzen, eta Nazio Batuen kontseilu Ekonomiko eta Sozialak trenbideetako tunelen segurtasunari buruz onartu dituen gomendioak agintzen du 150 metroko luzera gainditzen duten galerien kasuan ibilgailuen sarbidea ahalbidetu behar dela.
Bestalde, salatu dute proiektuak ez duela mugikortasun gutxiko pertsonekiko inongo erreztasunik jasotzen.