Anoetako lanen kontratua urratzeagatik neurriak hartzeko eskatu du EH Bilduk
Gipuzkoako Eraikuntzaren lan hitzarmena ez dira betetzen ari Anoeta futbol zelaiaren berritze lanetan. Moyua eta Altuna y Uria enpresa elkartzea da obraren arduraduna, eta EH Bilduk azpimarratu duenez, lanekin hasi zirenetik ohartarazi zitzaien lan hitzarmena bete behar zutela.
Udal taldearen ekimenez, Anoeta Kiroldegia elkartearen administrazio kontseiluan hitzarmena betetzeko hainbat neurri hartu ziren. Hala nola, langileen nominak eta ordutegiak aztertzeko konpromisoa, azpi-kontrataturiko enpresek ere. Dena dela, 2018ko apirila eta abuztuaren artean egindako azterketek azaleratu dute hitzarmena urratzen jarraitu dutela. Lan Ikuskaritzak arau-hausteen aktak egin ditu eta ELA sindikatuak salaketa publikoa egin du frogak aurkeztuz.
Urtarrilean egingo den administrazio kontseiluari begira, behar diren neurri guztiak hartzeko eskatuko dute EH Bilduren kontseilariek. “Salatutako irregulartasunak berehala zuzendu behar dira eta hauei dagokien balizko zigorrak ezarri”, adierazi dute. Erakunde publikoek lan baldintzen defentsa jokoan dagoenean jarrera aktiboa mantendu behar dutela uste du EH Bilduk, baita Anoeta estadioko obretan ere.