(Argazkia: Nerea Lizarralde)
Margarita Martin Aemeteko Euskadiko ordezkariak ohikoa den eguraldiaren iragarpena egin du Gabonen bezperan. Meteorologoak adierazi du iragarpena ez dela txarra, “normala, baina zertxobait lehorra” izango dela, hain zuzen.
Oro har, Gabonetarako iragarpen ona aurreikusi du Martinek, San Tomas egunerako izan ezik. “Egunaren hasieran zerua estalia egongo da eta euria egingo du, baina eguerditik edo arratsaldearen lehen ordutik aurrera, ostarteak izango dira. Haizea mendebaldetik jotzetik hego-ekialdetik jotzera pasako da, eta prezipitazioak eten egingo dira”, baieztatu du.
Gabonak
Martinek iragarritakoaren arabera, osteguna euripean pasako dugu eta haizeak mendebaldetik joko du. Tenperaturak mantendu egingo dira, 13 eta 14 gradu bitartean. Era berean, larunbatean, antizikloi penintsular bat iritsiko da, eta abenduaren 27ra arte mantenduko da. “Antizikloiaren eraginez eguzkia izango da nagusi orokorrean, baina 25ean fronte hotz bat sartu daiteke”, azaldu du Aemetekoak. Gabonetako egunez gain, Martinek neguko iragarpena ere jakinarazi du: “Bataz bestekoaren gainetik egingo du euria, baina tenperaturak parametro normalen barnean mantenduko dira”.