Donostiako istorio txikiak saritu dituzte
Bihar banatuko dituzte IV. Hamaika Entzuteko! irrati-piezen lehiaketako sariak, Viktoria Eugeniako Club aretoan (19:00). Casares Irratiak eta Donostia Kulturak antolaturiko lehiaketaren sari nagusia Maider Segurola eta Lander Izagirre kazetariek lortu dute. Hiriko oihartzunak lanari esker irabazi dute, eta Donostiako istorio txikiak kontatzen ditu piezak.
Horrez gain, epaimahaiak bi aipamen berezi ematea erabaki du. Batetik, Iñaki Beraetxeri Soundtrack: soinubanda eta poesia lanagatik. Bestetik, Jon Obeso, Jose Luis Padron, Ekain Perez, Maider Gorostegi eta Joserra Senperenari, Metzger e Hijo lanagatik.
Sari banaketan lan irabazleak entzuteaz gain, zuzeneko irrati-antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango da: Bram Stoker-en El sueño de las manos rojas, Inko Martinek moldatua eta zuzendua.
Pieza irabazleak entzungai egongo dira irratiaren webgunean sari-banaketa ondoren.