(Argazkia: Donostiako Udala)
Euskadiko Turismo Mahaian, tasa turistiko bat ezartzeko proposamena jaso zen joan den azaroan, eta Donostiako Udalak zerga hori munizipala eta boluntarioa izan dadila eskatu du gaur. Ernesto Gasco Donostiako Udaleko alkateorde eta Turismoko zinegotziak adierazi duenez, “tasak borondatezkoa izan behar du. Udal bakoitzak erabaki behar du jarri nahi duen ala ez, eta, jakina, tasarekin biltzen den dirua udalerriari itzuli behar zaio”.
Gascoren ustez, euskal udalerri bakoitzak errealitate bat du, eta ez da komeni eredu bakar lurralde osoari aplikatzea. Horregatik, tasa ezarri edo ez ezartzeko erabakia udal bakoitzaren esku uztea egokiena dela azpimarratu du alkateordeak. Era berean, zerga horrekin bildutakoa “turismo politika jasangarriak sustatzen lagunduko duten jardueretara” bideratu beharko litzatekeela adierazi du Gascok.