Zinema kritika: 'Another day of life'
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria / Zinea.eus
Zuzendariak: Raul de la Fuente eta Damian Nenow Urtea: 2018 Herrialdea: Espainia – Polonia – Belgika – Alemania Kazetaritzan letra larriz idatzi beharreko izen bat da Ryszard Kapuscinski (1932-2007), munduan zehar bizi izan zituen gatazken erreportaje eta idatziekin berriemailearen irudia zeharo eraldatu baitzuen XX. mendeko azken hamarkadetan. Bere lanik aipagarrienetariko bat Jeszcze dzien zycia (Beste egun bat bizirik) da eta bertan Kapuscinskik 1975ean Angolan bizitako denboraz dihardu. Garai latza eta gogorra izan zen: Angolak Portugaletik independentzia lortu berri baitzuen 400 urteko kolonizazioaren ostean, eta kazetari poloniarrak bertan egon behar zuela sentitu zuen. Hala ere, independentziak ez zuen bakea ekarri eta Afrikan luzeen iraun duen gerra zibila hasi zen orduan (2002ra arte ez zen amaitu). ‘Arrazako’ kazetari izanik, Luanda hiriburuan lur hartu zuen 1975ean. Angolar gatazkan bete-betean sartu zen horrela, pertsonaia ugari eta erakargarriekin topatuz (beste kazetari batzuk, bando desberdinen gerrillariak, militar boteretsuak,…). Guzti honen emaitza 1976an argitaratutako liburua da, baina kazetariak modu oso pertsonalean idatzi zuen, eta erreportaje hotzaren mugak gaindituz, beste ezaugarri ederrago eta poetikoagoak gehitu zizkion. Raul de la Fuente nafarrak eta Damian Nenow poloniarrak beren indarrak elkartu dituzte Kapuscinskiren lana film batean bihurtzeko, baina sortu dutena ez da ekoizpen arrunta, aparteko obra baizik. De la Fuentek zine dokumentalean duen esperientzia [gogoratu Nomadak TX (2006) dokumentala eta Goya saria jasotako Minerita (2013) film laburra] Nenowen animazio bikainarekin elkartu eta urteetan lanean egon ostean Another Day of Life maisu lana sortu dute. Aurten Cannesko Zinemaldian lehiaketaz kanpo eman zuten kritika ezin hobeak jasoz. Annecyko Animaziozko Zinemaldian eta Donostia Zinemaldiaren Perlak sailean ere egon zen, non Publikoaren Saria eskuratu zuen. Berriki animazio saileko Goya saria jasotzeko hautagai izendatu dute (zergatik ez dute Black Is Beltza ere izendatu?) eta hori gutxi balitz, iragan igandean Europako Zine Sarietan urteko animaziozko film onenaren saria jaso zuen. Another Day of Life filmak bi modutan erakusten dizkigu kazetari poloniarraren bizipenak Angola gatazkatsu hartan, animazio eta irudi erreala modu oso originalean tartekatuz. Eleberri grafikoaren antzeko animazioa lehenaldiko gertaeretarako erabiltzen da, eta irudi erreala gaur egungoetarako. Gehienbat filma animazioak osatzen du, baina egungo irudiek (Angolako paisaiak, angolar biztanleak, artxiboko irudiak, Kapuscinskik ezagututako pertsonak 40 urte geroago elkarrizketatuak,…) ukitu bitxia ematen diote, sinesgarritasun berezi batez guztia hornituz. Adibidez, Carlota edo Farrusco pertsonaiak animaziozkoak izatetik irudi errealera igarotzen direnean (artxibozkoan edo egungo irudietan), zerbait zoragarria gehitzen zaio filmari, baina ez du horregatik errealitate izpirik galtzen. Aurreiritziek animazioari min asko egin diotela esan beharra dago, eta sarritan kontatzen denaren errealitatea mugatzen ohi dute, kontutan hartu gabe zinean emozioak eta istorioak kontatzeko bidea anitza dela (ikus-entzunezkoa beti artifizio bat da, bai animazioan, bai irudi errealean). De la Fuente-Nenow bikotearen filma abenturazkoa da, baina baita ere akzioduna, politikoa, onirikoa, gogoetatsua, morala, eta zergatik ez, dibertigarria. Zuzendariek hibridazioaz ere hitz egin dute, «animaziozko film luze dramatiko eta estilizatu» bat dela aipatuz. Dena dela, Another Day of Life zer den bilatuz gero, filmean bertan erabiltzen den confusao topatuko genuke, nolabait Angolan (eta hedaduraz, Afrikan) dagoen egoera kaotiko eta nahastea modu zehatzean laburbiltzen baitu. Benetan, ez galdu film zoragarri hau.