Ane Rodriguez eta Juana Aranguren, XVIII. Feministaldiaren aurkezpenean. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Tabakalerako kultur zuzendaria izan da Ane Rodriguez Armendariz azken sei urteetan, eta Tabakalerak berak jakinarazi duenez, kargua utziko du udaberrian. Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren plan estrategiko berriaren ardatz nagusiak definitu dituzte azken hilabeteetan, eta horren ostean hartu du erabakia Rodriguezek.
Tabakaleraren proiektuan parte hartzen hasi aurretik, Madrilgo ARCOn komisariotza programen eta nazioarteko galerian arduraduna izan zen Rodriguez (2006-2009). Ondoren, 2010ean, Gaztela eta Leongo Arte Garaikidearen Museoan koordinatzaile orokorra eta zuzendari ondokoa izan zen, eta 2011-2012 bitartean Matadero Madrilen programazio taldean egon zen.
Rodriguezek udaberrira arte lanean jarraituko duen arren, jakinarazpena orain egin dute, “trantsizioa erraztu eta kultur zuzendaritza berri bat denboraz garatu ahal izateko”. Halaber, azaldu dute Rodriguezen ordezkoa aukeratzeko, lehiaketa publikoa jarriko dutela martxan datozen asteetan. Ordezkoak aurreikusitako jarduera planera egokitutako profila izan beharko duela iragarri dute. Gainera, etorkizuneko kultur zuzendaritza indartzeko asmoa jakinarazi dute, eta taldearen parte izango dira Oier Etxeberria arte garaikidearen arloko arduraduna, Victor Iriarte zinema eta ikus-entzunezkoen arloko arduraduna eta Arantza Mariskal Tabakalerako sorkuntza liburutegiaren arduraduna.