(Argazkia: Donostiako Udala)
Abenduko udalbatzarrean onartu du Donostiako Udalbatzak datorren urteko aurrekontuak. Hain zuzen ere, udalak 467.446.690 euroko aurrekontua izango du 2019rako; aurtengoa baino %5 gehiago.
EAJ eta PSE-EE alderdiek osatzen duen udal gobernuak laugarren urtez jarraian onartu du aurrekontua, abendua bukaerarako. EH Bilduren eta Irabazi-Donostiaren udal taldeek udal gobernuaren proposamenaren kontra bozkatu dute. Biek ala biek osoko zuzenketa aurkeztu dute. PPk, berriz, udal gobernuaren kudeaketa kritikatu arren, hamar zuzenketa aurkeztu eta adostu ditu.
Aurrekontuen eztabaidan, Jaime Dominguez Mayaca Ogasun zinegotziak egin du udal gobernuaren aurrekontu proposamenaren aurkezpena. “Udalak aurrekontu orekatua izango du. Izan ere, diru-sarrerak banatuko ditu hiriak eta donostiarrek dituen behar anitz eta hainbaten artean”.
Egonkortasun helburua betetzen duela gaineratu, eta udalak inbertsioak egiteko esfortzu handia egingo duela azpimarratu du Macayak. “Ohiko gastua %5,51 handituko da, kapital-gastua 116 milioi eurokoa izango da, eta inbertsioa iaz baino %11,85 handiagoa izango da”. Horrez gain, udalak gastu sozialari eutsi, udal administrazioa eguneratu eta bestelako inbertsioak egingo dituela esan du: “Hiri-mantenua hobetzeko, errepideak berritzeko, garraio azpiegiturak hobetzeko, baita kirol edo kultur azpiegituretarako ere”.
Esan bezala, aurrekontuen osoko zuzenketa aurkeztu dute EH Bilduren eta Irabazi-Donostiaren udal taldeek. “Aurrekontu hauek ez diete donostiarren premiei erantzuten”, adierazi du Amaia Almirall EH Bilduko zinegotziak. Premiazko bost eskaera egin ditu udal taldeak: etxebizitza, pentsiodunak, berdintasuna, merkatari txikiak eta enplegu duina. Udalbatzak ez ditu eskaeren zuzenketak onartu. Irabaziren zuzenketek ere ezezkoa jaso dute. “Hiriarentzako beste eredu bat da gurea. Oinarrizko eskubideak ez dituzte onartzen aurrekontuek. Hala nola, etxebizitza eta enplegua”, azaldu du Amaia Martin bozeramaileak.