Haurrentzako jarduerak antolatu ditu Cristina Enea Fundazioak
Egitarau berezia antolatu du Cristina Enea Fundazioak haur eta gaztetxoentzat, neguko oporraldiarekin bat eginez. Ikastaroak, pelikula emanaldiak, jolasak eta bestelako jarduerak egingo dituzte abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra. Jarduera guztiak irekiak eta doakoak izango dira, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Nahikoa izango da Egiako parkera azaltzera, jarduera bakoitzaren egunean.
EGITARAUA
- Abenduak 26, asteazkena, 11:00etan. Firin Faran ipuinak dantzan (3-7 urte). Cristina Eneako ipuin kontalariaren eskutik, kontakizunen berri izango dute: zuhaitz zahar eta jakintsuei buruzko istorio magikoak eta basoko animalia bihurri eta zaratatsuei buruzkoak.
- Abenduak 27, osteguna, 11:00etan. Grufaloa filmaren emanaldia. Sagu txiki bat poz-pozik dabil basoan. Gosetuta dago eta sabela betetzeko hur bila joatea erabakitzen du. Bidean, bera bezain gosetuta dauden azeria, hontza eta sugearekin topo egingo du. Hirurek etxera gonbidatu nahi dute bazkaltzera, baina sagua ez da haien asmoez fio, eta modu atseginean ezetz esaten die haien gonbidapenei; izan ere Grufaloarekin hitzordua du! Baina zer da Grufalo bat?
- Abenduak 28, ostirala, 11:00etan. Aitona-amonekin eskulanetan (3-7 urte). Belaunaldien arteko ikastaroa izango da. Helduek birziklatutako materialekin jostailu ederrak egiten irakatsiko diete haurrei. +55 jarduerarekin elkarlanean.
- Urtarrilak 2, asteazkena, 11:00etan. Birziklatutako Gabonetako apaingarriak (5-11 urte). Etxea dekoratzeko apaingarriak sortuko dituzte, birziklatutako materiala eta irudimena erabiliz.
- Urtarrilak 3, osteguna, 11:00etan. Asterix & Obelix filmaren emanaldia. Kristo aurreko 50. urtea; erromatarrek Galia guztia okupatu dute, baina galiar herri txiki bat oraindik libre da, eta beti erasotzaileak gelditzen dituzte. Egoerarekin suminduta, Julio Zesar-ek taktikak aldatzeko erabakia hartuko du. Indarrez ezin baditu garaitu, luxuzko erromatar herri bat eraikiko dute: Jainkoen egoitza.
- Urtarrilak 4, ostirala, 11:00etan. Dukearen altxor ezkutua (5-11 urte). Garai batean parkeko jabea izan zen Maria Kristinak altxor berezi bat ezkutatu zuen parkean bertan. Pistaz pista, frogak gaindituz, ibilbidean aurrera egiten saiatuko dira partaideak.