Donostiarrako kideak, Kursaaleko instalazioaren ondoan. (Argazkia: Donostiarra)
Gabonetarako hainbat jarduera antolatu dituzte Donostiarra arraun elkarteak eta bere babesle Alzola urak, elkarlanean. Instalazio berezia atondu dute Kursaaleko kubo txikiaren ondoan, klubaren eta Alzolaren irudiekin pertsonalizatuak. Kirolean genero berdintasuna aldarrikatzea dute helburu, baita bazkideak lortzeko ekimenean sakondu, eta, era berean, zaleen esku jarri nahi dituzte klubaren produktuak. “Egun berezi hauetan ez ditugu ahaztu nahi etxeko txikienak, etorkizuneko harrobia. Beraz, neska-mutilentzat ere zerbait prestatu du klubak, hala nola, arraunean lehen saioak egin ditzaten ergometro batzuk, eta bestelako jolasak”.
Donostian presentzia areagotu nahi du Donostiarrak, eta kanpainak jarraipena izango du martxoan eta apirilean, auzo gehiagotan: Gros, Antigua, Amara, Loiolako Erribera eta Intxaurrondo. Bide batez, gogorarazi dute, aurten ere klubak postua jarriko duela Okendo plazan, San Tomas egunean.