Zuhaitz-mozketak, Amaran. (Argazkia: Haritzalde)
Azken hilabeteetan udalak hiriko kaleetan zuhaitz mozketa asko egin ditu. Horrek kezka ugari sortu ditu herritarren artean, eta kezka horiek abenduko udalbatzarrera iritsi dira. EH Bilduren, PPren eta Irabazi Donostiaren udal taldeek mozio bateratua aurkeztu dute.
Hiru eskaera egin dizkiote udal gobernuari: hiriko zuhaitzen kudeaketa plan bat egitea, mozketen aurretik auzo elkarte eta kalteturiko herritarrei asmoak jakinaraztea, eta ingurumen eta herritarren ongizate irizpideak jarraitzea. EAJren eta PSE-EEren udal taldeek eskaerak baztertu dituzte gehiengoa baliatuta.
Oposizioko hiru udal taldeek mozioaren azalpena egin dute, eta eskaeren inguruan azalpenak eskatu dizkiote Miguel Angel Diez Bide Publikoetako zinegotziari. “Jendeak ez daki zergatik moztu diren zuhaitzak, eta kezkatuta daude”, esan du Ayem Oskoz zinegotziak. “800 zuhaitz moztu dira eta udalak ez du asmo hori behar bezala komunikatu”, gaineratu du Txema Murgiondo zinegotziak.
“Krimen ekologikorik ez da gertatzen ari Donostian. 800 zuhaitz moztu dira, bai, eta 1.500 landatu dira ere. Gainera, hirian zuhaitz asko daude. Espezie jakinek arazoak sortzen dituzte espaloietan eta etxebizitzetan, horregatik moztu dira”, azaldu du Diezek. Udaleko teknikarien irizpideak jarraitu ditu udalak, Diezek gaineratu duenez.
Oposizioko alderdiak harrituta geratu dira Diezen erantzunarekin. “Hara, gaur jakin dugu Donostian zuhaitz asko daudela”, esan du Murgiondok. Landatu diren zuhaitzen inguruan informazioa nahasgarria dela adierazi du Loic Alejandro zinegotziak. “Azkenean, zenbat landatu dira 1.400 edo 1.500?”. Erantzukizuna bere gain hartu eta autokritika egin beharrean, teknikarien irizpideak aipatu izanak haserretu du Oskoz. “Mozketen arduradun politikoa zu zara, ezin zara teknikarien atzean kokatu”.
IRUTXULOKO HITZAk gaiari heldu dio eta biharko astekarian gertatu denaren inguruko erreportajea argitaratuko du.