"Saskibaloiari lotuak gaude"
Azu Muguruza eta Jon Txakartegi, Ibaetako saskibaloi kantxan. (Argazkia: Estitxu Zabala) Azu Muguruza eta Jon Txakartegi; saskibaloi entrenatzaileak.
Gipuzkoako saskibaloiaz izugarri dakite bai Azu Muguruzak bai Jon Txakartegik ere. Biak sartu ziren kirolean jokalari gisa, baina gazte ekin zioten entrenatzaile ibilbideari, 25 denboraldiko esperientzia beteaz. Biekin elkartu gara, euren esperientzien berri jasotzeko, eta lurraldeko saskibaloiaren egoeraz hitz egiteko.
Gaur egun, IDK Gipuzkoako entrenatzailea da Azu Muguruza (Antigua, 1968) eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko koordinatzaile orokorra da Jon Txakartegi (Altza, 1977). Ez dituzte ulertzen euren bizitzak saskibaloirik gabe.
Nolakoa izan zen zuen hasiera saskibaloian?
Azu Muguruza (A.M.): Eskolan hasi ziren saskibaloia sustatzen eta gelakide batzuek izena eman genuen. Kirolak harrapatu egin ninduen, ongi aritu ginen talde gisa. Nire ikasketak bideratzeko garaian argi izan nuen, kirola asko gustatzen zitzaidan, eta irakaskuntza ere bai, beraz, Aktibitate Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi nuen. Ikasten ari nintzenean jokatzen jarraitu nuen, eta astebururo aritzen nintzen epaile lanetan eta unibertsitateko taldeari laguntzen. Ikasketak bukatzean hasi nintzen entrenatzaile gisa buru-belarri.
Jon Txakartegi (J.T.): Ni ere jokatzen hasi nintzen eskolan, San Luisen. Sekula ez nintzen jokalari onegia izan; kadetea nintzela, entrenatzaile ikastaro bat egin nuen, eta talde bat entrenatzen hasi nintzen. Konturatu nintzen gustuko nuela entrenatzea, eta oso azkar atera nituen tituluak. Batez ere aritu nintzen La Salle ikastetxean, nesken talde batekin; ongi aritu zen belaunaldi bat izan zen.
Maila profesionalean entrenatzeko aukera izan duzue.
J.T.: Bai. La Sallen nengoela deitu zidaten Hondarribitik, emakumeen taldean sartzeko, Espainiako lehen mailan zegoena. Hortik dena jarraian etorri zitzaidan. Bi urte egin nituen entrenatzaile laguntzaile gisa, eta gutxien espero nuenean, taldea hartzeko eskaintza egin zidaten, Europako lehia jokatzekotan zirenean, gainera. Ordura arte denborapasa zena, bizitzeko era izango zen, eta ez nuen bi aldiz pentsatu baiezkoa emateko. Ia konturatu gabe iritsi nintzen entrenatzaile profesionala izatera. Bi urte egin nituen Hondarribian, eta hortik Gipuzkoa Basketera igaro nintzen. Lehenengo hiru urte egin nituen Azpeitiako taldearekin, EBA eta zilarrezko LEB mailan, eta gero, sei urte egin nituen GBCko entrenatzaile laguntzaile gisa. Entrenatzaile gisa egin dudan azkena Baskonian izan da, bigarren taldearekin. Goi mailara igo nahi duten gazteekin lan egin dut, eta oso gustura aritu naiz.
Zuk, Azu, talde berarekin egin dituzu 25 urte. Erabaki pertsonala ere izango zen, ezta?
A.M.: Lehenengo harrobiko taldeekin hasi nintzen, noski, hori da gehien gustatzen zaidana, baina gero unibertsitatetik deitu zidaten. Erabaki pertsonal bat izan zen: haurrak izatea erabaki nuen, eta ez zen posible saskibaloiaren munduan egiten nuen guztia egitea. Egoera aztertu eta unibertsitateko taldearekin bakarrik geratzea erabaki nuen. Gustura hasi nintzen, hazten joan ginen, eta sekula ez dut buruan izan beste talde batera joatea. Pozik nago etapa horiek guztiak klub berean bizi izanagatik. Lehen urteak arinagoak izan ziren, maila amateurrean ginelako; bigarren mailara igo nintzenean, banekien zailagoa izango zela, eta gauzak agian ez zirela ongi joango, eta lehen mailara igotzean ere horrela jarraitu dut.
Nolatan sartu zara federazioan, Jon?
J.T.: Kirol arloa eta eguneroko kudeaketa daramatzat. Ez du orain arte egin dudanarekin zer ikusirik, berria da niretzat, baina nire ekarpena egin dezakedala uste dut, eta poz horrekin nago.
Zein izan da Gipuzkoako saskibaloiaren prozesua?
J.T.: Kirolaren oinarrian aldaketa bat egon da; orain klubak lehenago sartzen dira eskoletako taldeetan, eta mailari dagokionez, gainerako lurraldeen antzera ibili garela uste dut. 2006 eta 2010 urteen artean saskibaloia sekulako arrakasta izatera igaro zen maila guztietan; askok lotzen dute Espainiako selekzioak izandako lorpenekin, baina uste dut eragile gehiago egon zirela. Gipuzkoako taldeek gora egin zuten eta gorengo mailetan sartzen hasi ginen, bai emakumeetan bai gizonetan; ordezkaritzak lortu genituen ACBn, LEBen, emakumeen lehen bi ligetan bi talderekin… eta beheko mailetan ere igoera etorri zen.
Oraingo errealitateak ez du zer ikusirik duela hogei urtekoarekin, batez ere, emakumeetan. Lehen, emakumeetan, futbolak ez zuen indarrik, eta orain indar handia du. Hala ere, saskibaloiak bereari eusten dio, eta jarraitzen dugu jokalariak gehitzen. Gizonetan beti izan dugu konpetentzia futbolarekin, eta harrobian eragiten duen arren, osasuntsu gaude.
Berdin bizi izan duzu, Azu?
A.M.: Uste dut Jonek oso ongi laburtu duela. Nik emakumeena gehiago ezagutzen dut, eta aipatu duen gorakada hori hainbat arrazoik bultzatu zutela uste dut. Nire garaiko jokalariek eta oraingoek ez dute zer ikusirik; askoz gehiago prestatzen dira arlo guztietan. Ikusiko dugu nolakoa izango den eboluzioa eta neskek saskibaloi gosea izaten jarraitzen duten. Jokalari kopuruz oso ongi gabiltza, baina ea errendimendu mailan noraino iristeko gai garen berriro ere.
Zenbat saskibaloi jokalari mugitzen dira Gipuzkoan?
J.T.: Zifra zehatza ez dakit, baina eskolako eta federatuen fitxak kontuan izanda, seguraski 6.000 baino gehiago izango dira. Asko da.
Imajina ditzakezue zuen bizitzak saskibaloirik gabe?
A.M.: Momentu honetan, ez. Entrenatzaile izateari utziko banio, Jonen moduan, ziur nago beste zerbait egingo nukeela. Ezingo nuke egon saskibaloi bizipenik gabe. Beti pentsatzen dut harrobiko taldeetara itzuliko nintzatekeela, umeen ilusio aurpegiak ikusteak ez du preziorik.
J.T.: Azuk dioen moduan, ez nuke nire bizitza ulertuko saskibaloirik gabe. Ez bakarrik entrenatzen aritzeagatik edo nire lanagatik… lagunak dira, ohiturak… igande batean ez banoa partida bat ikustera, ACBko partida jarriko dut telebistan. Saskibaloiari lotuak gaude. Azuk entrenatzeari uzten badio ere, seguru nago prentsa eta Internet bidez jarraituko dituela taldeak eta jokalariak, nik egiten dudan bezala.
Zein helburu duzue zuen postuetan epe motzera?
J.T.: Entrenatzaile aritu naiz hamasei urte nituenetik, 41 urte izan arte, maila askotan, eta denetatik ikasi dut. Argi daukat nire begirada eman nahi dudala federaziora, beste aldean bizi izan dudanetik. Federazioak bete ditzakeen beharrak ikusi nahi ditut. Kluben, jokalarien eta entrenatzaileen zerbitzura egon behar gara, laguntzeko gaude. Ahal dudan onena emango dut Gipuzkoako saskibaloiari laguntzeko. Epe luzean nahiko nuke federazioa gai izatea iristeko klubek iritsi ezin dute lekuetara.
A.M.: Batetik, taldean lortu dugu Kopan sartzea, eta bigarren helburu gisa dugu bi partida irabaztea lehen itzulian; eta bigarren itzulian iazkoa hobetzen saiatuko gara, play offean sartzeko. Bestetik, asko poztu nintzen jakitean Jon federazioan sartu dela, asko dakielako, eta tarte bat hartu nahi dut berarekin luze hitz egiteko.


