Elkarretaratzea egingo dute Groseko San Tomas eguneko eraso sexista salatzeko
San Tomas egunean, hilak 21, eraso sexista bat gertatu zen Groseko jai gunean. Horren berri eman du Groseko Asanblada Feministak ohar baten bidez. Gertaturikoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur Biteri plazan, 19:00etan.
Pasa den asteko ostiral arratsaldean, adingabe baten deia jaso zuten, eta protokoloa abian jarri zuten. Gainera, egoera larria zela ikusi zutenez, Ertzaintzari deitu zioten. “Baina haien jokabidea lotsagarria izan zen, beste askotan bezala. Ez zegoela nahikoa froga, ez zela ezer gertatu… Beraz, erasotzaileari jaigune inguruan geratzen utzi zioten”, salatu du asanbladak. Horren aurrean, jai gunean erasoa salatzea erabaki zuten. “Postuei 15 minutuz ez zerbitzatzeko eskatu genien, erromeriak jotzeari utzi zion, prestatua genuen kuña jarri genuen eta agertokira igo ginen erasoa salatzera”. Ondorengo bideoan ikus dezakezue.
Ondoren, erasotzailea auzotik botatzea erabaki zuten, beste erasoren bat egiteko arriskua ikusi zutelako. “Horretarako, hainbat emakume elkartu ginen. Ez zen erraza izan, eta gainera, kalean zegoen jendearen jarrera ez zen beti gure aldekoa izan. Batzuek laguntza eskaini zeiguten. Beste batzuek, aldiz, etengabe jarri zuten zalantzan gure hitza eta erabakia, eta zenbait oldartu egin zitzaizkigun”, salatu dute. Halere, eskerrak eman nahi dizkiete hasieratik babesa adierazi zieten guztiei.