Urumea txalupaz bisitatzeko aukera
Haritzalde eta Errobertxo elkarteek Urumea ibaia bisitatzeko txangoak antolatu dituzte. Bisita gidatuak larunbatean izango dira, hilaren 29an. Ildo nagusia ingurumena izango da, natura eta biodibertsitatea.
Mundaitzen dagoen Arrauning portxu txikitik abiatuko dituzte txangoak (9:30-10:30-11:30-12:30 eta 18:30-19:30), eta 30-45 minutukoak izango dira. Itsas mailaren arabera, hona hemen egingo duten ibilbidea: Santa Katalina eta Astiñene (Egia) zubien artean. Egunean bertan eman daiteke izena Mundaitzen, 9:00etatik aurrera, eta sarrera 2 eurokoa da.
Igandean, berriz, Mikel Laboari omenaldi berezia eskainiko diote ibaian. Txalupa bidezko kantu jira berezi bat egingo dute 12:00etatik aurrera.