(Argazkia: Bera Bera eskubaloia)
Bera Bera eskubaloi taldea sailkapeneko hirugarren postuan dago, nahiz eta urtea bukatzeko azken partida falta. Denboraldi ona egiten ari da Donostiako taldea, ligan ez ezik EHF kopan ere lehiatzen ari delako.
Sasoi onaren adierazle da Maitane Etxeberria lezoarrak lorturiko marka. Valentziaren aurkako azken partidan sarturiko golari esker, 300 baino gehiago daramatza ohorezko mailan.
Seigarren denboraldia egiten ari da Etxeberria hegaleko jokalaria, eta golegile onenen zerrendan dago. Halere, behatzean izandako lesioaren ondorioz, bi taldekidek lortu dute lehenago 300 golen langa gainditzea. Esther Arrojeria usurbildarra izan da aurrenekoa, eta Adriana Cardoso brasildarra bigarrena. Iazko denboraldian Etxeberria golegile nagusienen artean kokatu zen ligan 98 sartuta, eta lehiaketa guztiak aintzat hartuta, 121.
Urteko azken neurketa igandean jokatuko du Bera Berak Lasesarren Zuazoren aurka, 12:00etan.