Eneko Goia, goizean eskainitako prentsaurrekoan. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Urte berriaren atarian, Eneko Goia alkateak
hirian 2019an zehar garatuko diren proiektu nagusien berri eman du udaletxean. 2018. urtearen “balantze positiboa” eginda, datozen hilabeteetan gauzatzen hasiko diren proiektuek Donostia “erakargarria, bizi-kalitate onekoa, eta nazioartean ondo kokatuta” mantentzen lagunduko dutela adierazi du alkateak.
Hirigintzari dagokionez, urteko lehen hilabeteetan “etxebizitza publikoaren aldeko apustua berretsiko duten hainbat proiektu” martxan jarriko direla azaldu du Goiak. Hala nola, El Infierno, Illarra eta Aldakoeneako planen garapenak onartuko ditu udalak, Urumeako ibarreko Lorategi Hiria, Antzieta eta Sarruetako proiektuekin batera aurrera egin dezaten. Egitasmo hauekin
1.000 etxebizitza sortuko direla jakinarazi du alkateak, horien erdia etxebizitza publikoak izango direla azpimarratuz.
Horiez gain, urtean zehar
Txomineneako 600 etxebizitza herritarrei entregatuko zaizkiela nabarmendu du Goiak, eta Arteleku Plaza eta Ibai Parkea amaituko dituztela jakinarazi du ere. Proiektuaren bigarren faseari ekiteko, ordea, Martuteneko kartzelaren etorkizunari buruzko erabaki bat hartzea ezinbestekoa dela adierazi du alkateak, eta horretarako tematzen jarraituko dutela zehaztu du.
Bestetik,
Altzako kiroldegiak eta Bretxako proiektuak aurrerapauso garrantzitsuak emango dituztela esan du Goiak, Altzan “hilabete honetan bertan” Eraikuntzaren institutu zaharrean behin-behineko kiroldegia irekiko dutela gehitu aurretik.
Anoetako obrak aurten amaituko direla aurreratu du ere, eta kultur etxea, Haurtxokoa eta Gaztelekua urtea amaitu baino lehen kokapen berrian funtzionatzen egongo direla azaldu du.
Mugikortasunaren arloan, berriz, udalak iaz indartutako “elektrifikazio prozesuari” jarraipena emango diola adierazi du alkateak. Hain zuzen, azken hilabeteetan zehar proiektu pilotu desberdinak probatu ostean,
2019an zehar udalak hainbat autobusen erosketa egingo duela zehaztu du.
Aurten berritasunak egongo dira ere mugikortasun bertikalari dagokionez. Besteak beste,
Morlanseko igogailua behingoz martxan jarriko da, “uste baino gehiago kostatu zaigun proiektuari” amaiera emanez. Era berean,
Larratxo eta Errege-zaina eta Heriz Pasealekuaren arteko igogailuen lanei ekitea aurreikusten du udalak.
Urtean zehar hainbat hobekuntza lan egingo dira ere ikastetxe zein zahar-etxetan, bulebarizazio lanak burutuko dituzte Loiola eta Añorgan, eta Kontxako baranda aldatzen jarraituko da.