Jokin Sarasola korrikalaria zendu da
Jokin Sarasola korrikalari donostiarra 91 urterekin hil zen asteazkenean. Itsasondon 1927an jaioa, urtebete zuenean etorri zen Donostiara bizitzera, eta gaztetik kirolari loturiko bizitza izan zuen.
Esku pilotan eta tenisean ibilia, korrikalari gisa lasterketaz lasterketa ibili da azken lau hamarkadetan zehar. Hain zuzen, 80 urte baino gehiago zituela Euskal Herriko hainbat kirol-probatan parte hartzen jarraitu zuen Sarasolak. Korrika egitea ez zen, ordea, bere zaletasun bakarra. Aizkolaritzan aditua, sarritan ibili ohi zen hiriko hondartzara itsasoz iritsitako enborrak mozten.
Gainera, Bagera elkartearekin harreman estua izandako euskaltzalea zen Sarasola, eta 20 urte baino gehiagoz izan zen mintzalagun.