
Beste urtebetez, bertsolaritzak bere lekua edukiko du
Antiguako sansebastianetan. Izan ere, Dokak eta jai batzordeak antolatuta,
Mikel Laboa Bertsolari Gazteen VIII. Sariketaz gozatu ahal izango dute auzotarrek jaietako lehen asteburuan. Aurtengoa, gainera, edizio berezia izango da, Laboa hil zenetik hamar urte bete berri baitira.
Irati Alcantarilla, Aitor Etxebarriazarraga, Jon Gurrutxaga, Nahia Ibarzabal, Haritz Mujika eta
Itxaso Piquer dira aurten Doka antzokiko oholtzara igoko diren bertsolariak.
Urtarrilaren 13an izango da, 17:00etatik 20:00etara.
Egin beharreko ariketak honako hauek izango dira: 8 handian hiruna bertso, 8 txikian, hiruna bertso, 10 txikian, hiruna bertso, bi punturi erantzun eta hitzari bertso bat. Puntuazio onena duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Sei puntuko motzean hiruna bertso egin beharko dituzte, puntutan sei bertso osatu arte, eta hiru bertso, nahi duten doinu eta neurrian.
Palmaresari dagokionez, orain arteko sei irabazleak hauek dira: Unai Gaztelumendi (2012), Asier Azpiroz (2013), Maialen Akizu (2014), Nerea Ibarzabal (2015), Unai Mendizabal (2016), Nahia Sasco (2017) eta Joanes Illarregi (2018).