(Argazkia: Ecuador Etxea)
Oneka Euskal Emakume Pentsiodunen Plataformak hitzaldia antolatu du asteazkenean, urtarrilaren 9an, 18:00etan. Koldo Mitxelenan izango da, eta Isabel Otxoa EHUko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakaslea eta Nekane Berriotxoa izango dira hizlariak.
Joan den urrian aurkeztu zuten Oneka, Hego Euskal Herriko adineko emakume eta pentsiodunak bildu, eta bizi duten egoera gizarteratzeko asmoz. Emakume nagusi eta pentsiodun gisa dituzten beharrei bidezko erantzuna eman ahal izateko antolatu dira, eta helburu nagusia emakume guztientzako pentsio duina lortzea izango da, Europako Gutun Sozialaren irizpideak jarraituz.
Plataformaren helburuak lortzeko, bizi dituzten problematiken inguruko konferentzia publikoak ari dira antolatzen, eta horietako bat izango da asteazkenekoa.