Yo Ciervo taldeak trilogiaren bigarren zatia plazaratu du
Donostiako Yo Ciervo hirukoak La Guerra de la Independencia trilogiako bigarren diskoa argitaratu du. Tabakalerako Kutxa Kultur aretoan aurkeztuko dute ostegun honetan, 20:00etan. Hain zuzen, aurkezpen kontzertu bira bat egingo du taldeak datozen hilabeteetan.
Hiru zati izango ditu donostiarren trilogiak, eta Vol. II da plazaratu dutena. Iazko martxoan atera zuten Vol. III, eta ondo bidean, hilabete batzuk beranduago aurkeztuko dute Vol. I. Atzera kontaketa gisara antolatu dute beraien pop-rock lan kontzeptuala.
Zestoako Gaztain estudioetan grabatu dute trilogiaren bigarren zatia, Eñaut Gaztañaga musikari eta teknikariarekin. Aldiz, Brian Lucey estatubatuar ospetsuak masterizatu du. Depeche Mode, Marilyn Manson eta Liam Gallagher gisako musikariekin lan egin du Luceyk.
Tabakaleran ez ezik, Donostian eta inguruan beste bi kontzertu eskainiko ditu hirukoak. Urtarrilaren 26an Convent Garden aretoan ariko dira, eta otsailaren 22an Mogambo aretoan.