Eneko Goia alkatea (Argazkia: Iñaki Agirre)
Parte Zaharreko Kijera gaztetxearen etorkizunaz galdegin diote Eneko Goia alkateari, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan. Udalak eraikina berreskuratzeko prozesua abian jarri du, eta horrela jakinarazi die gaztetxeko kideei. Horren inguruan galdetuta, Goiak ondorengoa adierazi du: “Legeak agintzen duena egiten ari gara. Pausoak ematen jarraituko dugu bide horretan”.
Kaialde eraikinaren jabetza udalarena da, baina erabilera eskumena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak du. Horrela ere, udala da eraikina berreskuratzeko prozesua abian jarri duen erakundea. “Ez dakit zein ibilbide izango duen prozesuak, baina niretzako garrantzitsua da bi gai bereiztea eztabaida honetan”, azpimarratu du alkateak. Aipaturiko bi gaiak hauek dira: “Gauza bat da auzoaren ekipamendu gabezia. Udala prest dago irtenbide bat lantzeko ikerketa bat eginez. Beste gauza bat da arazo horri aurre egiteko eraikin bat okupatzea”.
Parte Zaharrean Bizi elkartearekin elkartzeko udala prest dagoela gogorarazi du Goiak. “Beharren inguruan hitz egiteko prest gaudela esan diegu. Seguru gaude eskatzen dutena eta eskaini ahal duguna ez dela gauza bera. Baina adostasunera iristeko prest gaude, baita hitz egiteko ere”.