Juanito Irizar hil da, Arantzazuko Ama ikastolaren sortzaileetako bat
Juanito Irizar hil berri da, urtarrilaren 6an. Euskaltzale sutsua, Arantzazuko Ama ikastolaren sortzaileetako bat izan zen, eta gerora zuzendaritzan ere ibili zen. Barkaiztegi baserrian jaioa, hamar senideren artean gazteena zen, eta auzoan ezaguna zen. Martuteneko Maria Maizekin ezkondu zen Juanito Irizar, hiru seme-alaba izan zituzten eta ikastolako lehenengo belaunaldietako ikasleak izan ziren.
Ahotsak.eus gordailu digitalerako elkarrizketatu zuten Juanito Irizar, eta beste hainbat konturen artean hitz egiten du Martuteneko ikastolaren sorreraren inguruan. Kontatzen du Miren Josune Tolaretxipi izan zela Martuteneko ikastolako lehen irakaslea, eta zazpi ikaslerekin hasi zela. Hain zuzen, 50 urte beteko ditu aurten Arantzazuko Ama ikastolak.